Bilboko Elkarrekin Podemosek kezkagarritzat jo ditu Segurtasuneko zinegotzi Amaia Arregik Bilboko Udaletxean atzo izandako prentsaurreko batean egindako adierazpenak. Eztabaidan jarri zen komunikabideek ikerketa-prozesuan dauden sexu-erasoei buruzko informazioa eman beharra. EAJko zinegotziaren iritziz, ustezko sexu-erasoei buruzko informazioak «ez dio laguntzen ez ikerketari, ez biktimari».
«Segurtasuneko arduradunaren jarrera argi uzten dute adierazpen horiek, isiltasuna sustatzen baitu indarkeria matxistako kasuen salaketa publikoari buruz», esan du Elkarrekin Bilbo koalizioko EQUO Berdeak alderdiko zinegotzi Carmen Muñozek. «Feministek zerbait erreklamatu badugu zera da, ezinbestekoa dela indarkeria matxistari buruz gertatzen ari dena ageriko egitea, eta horregatik gaude ados horri dagokion oihartzuna eman beharrarekin».
Arregik jakinarazi duenez, % 31 jaitsi da sexu-erasoen kopurua Bilbon aurreko urtearekin alderatuta. Udal-koalizioak gehitu duenez, «datuak ezin dira interesatzen denean partzialki erabili», eta eraso matxistak azken urtean gutxitu badira, «kontzientziazioari, mobilizazioari eta mugimendu feministak egiten duten agerikotasun-lanari zor zaio hori, gizarte-gaitz hori debate publikoaren erdigunean jarrita, eta bide horretan jarraitu behar dute komunikabideek ere».
Bilbon izandako azken manifestazio jendetsuek –hala nola Martxoaren 8koak, edo irailaren 20koak “emergentzia feminista” erreklamatuz– agerian utzi dituzte eskaera feministak, Bilbo indarkeria matxistaren amaiera erreibindikatzeko kalera jende gehien ateratzen den Estatuko hirietako bat bihurtuz. «Feminismoa eragiten ari den aurrerapausoa ez litzateke posible izango gizarteak oro har jokatzen duen paperik gabe: erakundeak, herritarrak, gizarte-mugimenduak eta komunikabideak. Ez da onargarria komunikabideak isilarazi nahi izatea». «Indarkeria matxistari buruzko kezka hor dago eta hor egon behar du emakumeok gune publikoaz eta aisialdiaz askatasun osoz gozatzeko aukera ez dugun bitartean», gehitu du Muñozek.
Udal-taldeak adierazten du ez dela nahikoa udal-erakundetik gaitzespen-adierazpen instituzionalak soilik egitea, eta eraso matxistekiko gaitzespen-deialdiak egiteko premia berriz ere azpimarratzen dute, beste erakunde batzuek ere deialdi horiek egiten dituzten bezalaxe.