EQUO Berdeak alderdiak azpimarratu duenez, haurren arnas-gaixotasunen kasu berriak prebeni litezke kutsadura murriztuz

  • Eusko Jaurlaritzak ere onartu du kezkatuta dagoela Euskadin berotegi-efektuko gas-emisioek gora egin dutelako, eta dagoeneko airearen kutsadura osasun publikoko arazo larria da, OMEren arabera
  • EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemos taldean duen legebiltzarkide José Ramón Becerra jaunak Osasun saileko sailburuaren agerraldia eskatu du, poluzio atmosferikoak haurren osasunerako dakartzan arriskuak murrizteko sailak hartutako neurriak azal ditzan.

EQUO Berdeak alderdi ekologistak azpimarratu duenez, haurren arnas-gaixotasunen kasu berriak prebeni litezke airearen kutsadura murriztuz. Osasunaren Mundu Erakundeak nitrogeno dioxidoaren mailen gainean emandako gomendioak beteko balira, haur-asmaren kasu berriak murrizteko aukera izan liteke. Azken azterlanen arabera, haurren arnas gaixotasunen hiru kasu berritik bat aire kutsatu baten esposizioaren ondorio izan daiteke.

Ildo beretik, Londresko King’s College erakundeak beste azterlan bat egin du Ingalaterrako eta Galeseko 17 urteko 2.000 gaztetik gorako lagin baten gainean, eta, azterlan horren arabera, aire kutsatua arnastuz hazten diren nerabeek % 70 aukera gehiago dituzte paranoia eta bestelako buru-nahasmenduak pairatzeko.

Txosten horiek agerian uzten dute airearen kutsadura osasun publikoko arazo larria dela, Osasunaren Mundu Erakundea ohartarazten ari denez. Euskadi ez da salbuespena, eta areago oraindik kontuan hartzen badugu uda honetan Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak onartu duela Eusko Jaurlaritza kezkatuta dagoela Euskadin berotegi-efektuko gasen emisioek gora egin dutela ikusirik, azken neurketan erregistratutakoaren arabera.

Horregatik guztiagatik, EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemos taldean duen legebiltzarkide José Ramón Becerra jaunak Osasuneko sailburuaren agerraldia eskatu du, kutsadura atmosferikoak haurren osasunerako dakartzaten arriskuak murrizteko sailak hartutako neurriak azal ditzan.

2018ko urriaren 4an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak mozio bat onartu zuen aho batez, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari eskatzeko neurri batzuk har ditzan kutsadura atmosferikoak gora egiten duenean herritarren osasuna bermatzeko jardun-protokoloak hobetzeko. Ia urtebete joan da harrezkero, eta oraindik ez du jendaurrean azaldu zer neurri hartu dituzten legebiltzarraren agindu hori betetzeko.

“Ez da ingurumen-arazo bat soilik, osasun publikoko arazo bat ere bada. Bilbon bakarrik, urtero 100 bilbotar hiltzen dira kutsaduraren ondorioz, eta airearen poluzioak eragindako 2.000 asma-atake eta bronkitis akutuko 25 krisi erregistratzen dira. Jakin nahi dugu denbora horretan Eusko Jaurlaritzak zer neurri hartu dituen, kutsadura atmosferikoko kasuen aurrean”, adierazi du José Ramón Becerrak.