EQUO Berdeak alderdiak arrantzaren kudeaketa arduratsua eta jasangarria eskatzen du, hegaluzearen arrantzaldia ixteko unea aurreratu ondoren

  • Iazko egoera errepikatu da, orduan ere mugak aurreikusitakoa baino lehen agortu zirelako.

  • Esleipena agortzeko erritmoa azkartu da, ontzi parte-hartzaileen kopurua igo delako.

EQUO Berdeak alderdiaren ustez, hegaluzearen arrantzaldia ixteko unea hirugarren urtez jarraian aurreratu izanak agerian uzten du arrantzaren kudeaketa sakonetik berrikusi beharra dagoela. Atunzuriaren-hegaluzearen Harrapaketen Guztizko Onargarria % 10 igo zen 2019rako, stocka egoera onean zegoela egiaztatu ondoren. Alabaina, igoera hori gorabehera, muga aurreikusitakoa baino lehen agortu da berriz ere.

Kuota azkar agortu da beraz, eta hori hala da kanpaina honetara ontzi berriak bildu direlako, baxurako flotaZ kanpoko hainbat ontzi zehazkiago, tunido hori harrapatzera ateratzeko egokitu direnak. Uztailaren lehen egunerako 2.706,029 tona arrantzatu zituzten jada, kupoaren % 16,09. Hegaluzea lehorreratzeko erritmo azeleratu horren ondorioz, arrantzaldia behar baino lehen itxi da, ezinbestean.

Egoera honen aurrean, EQUO Berdeak alderdiak ohartarazten du mugagabea ez den baliabide hori gehiegi ustiatzen ari dela, eta ildo horretan, arrantza antolatzeko neurriak eskatu ditu, kudeaketa arduratsu eta jasangarrirako bidean.

Kuotak banatzeko sistemak, arrantza jasangarria lehenetsi, itsasertzeko biodibertsitatea babestu eta itsas eremu babestuak sortu beharrean, horrela arrantza-jardueraren deslokalizazioa eta lanpostuen galera saihesteko, sektorearen etorkizuna hondoratzea dakar, itsasoa gehiegi ustiatzen jarraitzeko bide ematen duelako. Arrantzategiak gehiegi ustiatzen dituzten alturako enpresei mesede egiten die banaketa horrek, eta baxurako ontzi txikiei, aldiz, kalte. EQUO Berdeak alderdiak baxurako artisau-arrantza defendatzen du, itsas baliabideak errespetatzeaz gain, itsasoari lotutako enplegu jasangarria sortzen duen bakarra delako.

EQUO Berdeak alderdiak arte xeheetan —amuko arrantza edo xaxiango arrantza— diharduen artisau-flotari laguntzeko politikak eskatzen ditu, horixe baita arrantzategiei eusteko bermerik onena. Ildo horretan, alderdi berdeak bat egiten du zenbait elkartek —Ondarroa 12 Milia adibidez— jurisdikziopeko uretako 12 milien barruan Itsas Eremu Babestuak ezartzeko planteatutako erreklamazioekin. Horrela artisau-flota sustatuko litzateke, eta itsas erreserbak bultzatuko lirateke biodibertsitatearen ikuspegitik sentikorrenak diren eremuetan.