EQUO Berdeak alderdiak bere atsegina adierazten du, ñabardurekin, Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduari buruzko Lege berriari buruz; honen onarpenak udalerrien periferiatako merkatalguneen ugaritzeari galga bat jartzen diolako, ekonomia zirkularraren oinarri diren tokiko denda txikientzako lasaigarri izatearekin batera.
“Lehen urrats bat da, baina ez da kriskitinka jarduteko modukoa ere… lege hau zorrotzagoa izan zitekeen, baina lurraren interes ekonomizistekiko menpekotasunaren inertzia gailendu da eta, beharbada, gainean dugun klima larrialdirako erronkei begira egindako araudi bat egiteko aukera galdu da. Araudia zerbitzuen zuzentarauak sustatzen duen paradigma neoliberalari egokitzen zaio, eta kokatzeko askatasuna mugatzeko aukera urratu besterik ez dugu egin, ingurugiroa babestea bezalako interes publiko goren hori babesteko.” – adierazi du Erika Martinez alderdi ekologistaren bozeramaile-kideak.
Lege hau tramitatzeko ekimena oposizioko hiru alderdiek (Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta PP) aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean. Hasiera batean jeltzale eta sozialisten babesik ez bazuen ere, azkenean aho batez onartu zen, zenbait aldaketa sartu eta gero.
Legearen onarpen honek Hondarribiko Zaldunbordako lursailetan abian zen makro outlet bat gelditzea dakar. Halaber, Donostiako Belartza 2n aurreikusitako garapena galarazten du lege honek, merkatal sailez gainezka dagoen ingurune honetan merkatalgune berria eraikitzeko asmoa baitzegoen. “Albiste bikaina da, Belartza 2 Gelditu eta Donostia Defendatuz bezalako hiritar taldeentzat bereziki, 2016ko apiriletik ari baitira proiektu honen aurka borrokan. Baina bertan jarraitzen du irregularki botatako lurrak, 4 hektareatako hedapena eta 7 metroko altura ere hartzen duenak, Gorenaren epai bidez gertatu beharreko nahitaezko kentzearen zain” -adierazi zuen Loïc Alejandro EQUOko bozeramaile-kide eta Irabazi Donostiako zinegotzi ohiak, zeinak proiektu hau hurbiletik jarraitu duen.
Lege hau landu eta onartzeko, EQUO Berdeak alderdiak hainbat topaketatan sustatu eta parte hartu du, hiritar plataformekin, merkatari elkarteekin, talde ekologistekin eta udal, foru eta elkargo mailatako ordezkari politikoekin, guzti hauek tokiko merkataritza, mugikortasun iraunkorra eta ingurugiroarekin konprometituak.
“Proaktibo izatea erabaki eta bilera erronda bat hasi genuen, lan komun bat garatzeko asmoz. Gure lantaldeak analisi eta ebaluazio lan garrantzitsua egin du, lege proposamen orekatu eta juridikoki seguru batean amaitu dena, zeina gure saltoki txikientzako oxigeno baloi bat izango den. Izan ere, saltoki txikiak geroz eta meatxatuago daude salerosketa ohitura berriak eta gure lurralde osoan udalerrietako periferiak gainezka betetzen dituzten merkatal zentro erraldoiak direla eta. Lege honen onarpena paradigma neoliberala aldatzen hasteko lehen pauso garrantzitsua da. Paradigma horren arabera, korporazio handiek ordezkatzen dituzten interes ekonomikoak gure herri eta hirietako elkarbizitza eta bizigarritasunaren gainetik daude, baita kultur ondare eta bioaniztasunaren zainketaren gainetik ere; ondasun komunaren babesaren aurretik, azken finean” -adierazi du Jose Ramon Becerra Euskal Parlamentuko parlamentari berdeak.
Kritika hauek gorabehera, EQUO Berdeak alderdia esker onekoa da, lege hau onartzea alde guztien negoziazio eta akordiorako gaitasunari esker egin ahal izan delako, hau da, taldekako lan handi bat burutuz.
“Ez da nahi izango genukeen bezain zorrotza, baina lehen urrats on bat da. Orain adi egotea tokatzen da, Udalak arau autonomikoak dioenaren arabera moldatu daitezen, eta lege berrian ezartzen diren mugak saihesteko azpijokoak egin ez ditzaten” -azaldu du Ramon Sanchez alderdi ekologistako bozeramaile-kideak.