EQUOko eta EQUO LGTBI+ sareko kideok Stonewalleko errebolten 50. urteurrena ospatu nahi dugu, gayen askapenerako mugimendu modernoentzat eta LGTBI+ Eskubideen aldeko borrokarentzat bultzada garrantzitsua suposatu zuten neurrian. 1969an, trans pertsonek eta homosexualek, hau da, gizarte zapaltzailearen bazterretan zeuden pertsonek, harrika eta adreiluak botaka aurre egin zieten polizia ustelaren eta mafiaren gehiegikeriei. Ekainaren 28 hartan zapalkuntzari NAHIKOA DA! esan zioten.
50 urte geroago, EQUOko eta EQUO LGTBI+ Sareko kideok omenaldi bat eskaini nahi diegu hamarkada hauetan gure eskubideen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Gainera, pertsona horietako asko bidean gelditu dira, zapalkuntzaren, gizarte-bazterkeriaren edo pandemiaren ondorioz. 2019an, EQUOko eta EQUO LGTBI+ Sareko kideok Stonewalleko borroka-espiritua aldarrikatu eta berreskuratu nahi dugu, normatibitatea iraunarazten jarraitzen duen gizartearen aurrean.
Eskuin muturraren aurrerakada ikusirik, eta, urtetan konkista sozial garrantzitsuak lortu ondoren, gure gizartean ezkutuan eta latente zegoen diskurtso homofobo eta transfoboak normalizaziorako bidea daramala aintzat hartuta, diskurtso horiek hauspotzen eta iraunarazten dituzten alderdi konplizeen eta pertsonen aurrean guk ere NAHIKOA DA! esan nahi dugu, orain 50 urte gure aurrekoek New Yorken egin zuten bezala. EQUOko eta EQUO LGTBI+ Sareko kideok ez dugu baimenduko inolako atzerapenik LGTBI+ Eskubideen aldeko borrokan, eta diskurtso homofobo eta transfobo bat normalizatzea ere ez dugu inondik inora onartuko.