Ramon Sanchez, EQUO BERDEAK taldeko kobozeramaileak eta Veronica Juzgado, arlo instituzionaleko arduradunak adierazi dutenez, alderdi ekologistako kideok etsita eta desengainatuta gaude Klima Aldaketaren Legearen aurreproiektua aztertu ondoren, araudiko aurreproiektuaren edukiagatik batetik, eta gure gizartearen etorkizunerako funtsezkoa den lege bat propaganda politikoa egiteko tresna soil baten antzera erabiltzen ari direlako bestetik.
Bigarren aldiz, 2011n gertatu zitzaien bezala, euskal sozialistak ez dira klima-aldaketaren lege bat onartzeko gai izango. Ingurumeneko sailburuak ondo daki sei hilabetean ezinezkoa izango dela Lege hori onartzea, baina hala eta guztiz ere ziurtatu nahi izan du urtea amaitu baino lehen azken dokumentua berretsiko dela, jendaurrean jartzeko, alegazioak aurkezteko, eta Eusko Legebiltzarrean erregistratu eta ondoren izapidetzeko epeek Legea hain epe laburrean onartzeko biderik ematen ez duten arren. Izan ere, eta are gehiago hauteskunde-aurrerapenaren zurrumurrua badabilela kontuan harturik, argi dago lege hori bigarren aldiz bertan behera geratuko dela, Arriola sailburuak ondo dakienez.
Izan ere, nola osatu den ikusirik, testuak ez ditu inondik inora asetzen sortutako itxaropenak, eta gabezia handiak ere badauzka klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko nazioarteko akordioak betetzeko bidean. “Eusko Jaurlaritzak beste behin erakutsi digunez, marketin berde soilera mugatzen da, gizarteak aurrez aurre daukan erronka garrantzitsuenari heldu beharrean. “Une honetan egoerak bizi duen larrialdia ikusirik, gobernuak behartuta daude erabateko konpromiso sendo, irmo eta ausarta hartzera, asmo handiko neurri zehatzak barne. Alabaina, horren arrastorik ere ez dago aurreproiektuan, eta asmo-adierazpen zabala baino ez da, greenwashing instituzionalizatu moduko bat”, kexatu da Ramon Sanchezek.
Helburuei dagokienez, Lege Aurreproiektua ez da loteslea ezein sektore ekonomikorentzat, Aurreproiektuak ez duelako helburu argi eta kuantifikagarri batzuk ezartzen.
Legearen hedadurari dagokionez, ekintza-eremua oso mugatua da. Praktikan ez dira helburuak, epeak edo aurrekontuak ezartzen gaur egun klima-aldaketa eragiten ari diren sektore ekonomiko edo sozialen arteko ezeinetarako, eta, aitzitik, ia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailera mugatzen da neurrien aplikazio hori.
Energiaren arloari dagokionez, testuak biltzen du, bai, 2050. urtean karbonoan ekonomia neutro bat lortzeko premia, baina ezein artikuluk ez du inolako bermerik ematen helburu hori beteko dela ziurtatzeko, eta ez du zehazten nola iritsi helburu horretara.
Bi helburuak –emisioen murrizketa eta karbonoan neutraltasuna– ezin dira egin legeak agindutako betebeharra finkatzen ez bada, zehazpen-erregimen zorrotzagoarekin batera betiere.
Bestalde, araudian hanka-puntetan pasatzen dira Euskadiko eredu ekonomiko eta industrialaren gainetik, eredu produktiboaren eraldaketan aurrera egin beharra azpimarratu gabe. EQUO Berdeak alderdiarentzat ezinbestekoa da eredu produktiboaren eraldaketa sakon hori orain bertan, berandutu gabe, hastea, ausart, eta Eusko Jaurlaritzak laguntza eskaini eta prozesu horren buru izan behar du egokitzapen-prozesua errazteko eta modu bidezkoan egingo dela ziurtatzeko, inpaktu negatiboak prebenituz eta ez enpresak, ez langileak bidean utziko ez dituzten neurri ekitatiboak hartuz. “Ez EAJ, ez PSE ez daude klima-aldaketak dakarren erronka historikoak eskatzen duenaren mailan, eta ez dira gai horrek euskal ekonomia modernizatzeko eta enplegu jasangarria sortzeko dakarren aukera ikusteko” azpimarratu du Veronica Juzgadok.
EQUO Berdeak taldeak Jaurlaritzari eskatzen diogu errespetu handiagoa izan dezala gizartearen, komunitate zientifikoaren eta gazteriaren, FFF edo Extinction Rebelion mugimenduen erreklamazioekin. Gobernuak, ordea, hutsik dagoen lege bat onartuz erantzun die. Klima-larrialdiak gizartearen esparru guztiak biltzen ditu, ezin da mugatu energiara eta BEGen emisioetara. Nazio Batuen Erakundeak berretsi duenez, “eraldaketa-aldaketa azkar bat egin behar dugu kontsumitzen, produzitzen eta merkaturatzen dugun moduan”, eta horrek gure ekonomia modernizatzea dakar.
EQUO Berdeak alderdian beharrezko ikusten dugu honako aldaketa hauek sartzea:
– izena aldatzea. Klima Larrialdiko Legea ezartzea klima Aldaketaren Euskal Legearen ordez. Proposatzen den izenburua hobeto egokitzen da egungo egoerara, fenomeno hori gure ingurunean jadanik sortzen ari den eragin azkar eta etengabeak kontuan izanik.
– Legean bertan argitzea eta zehaztea gai bakoitzerako helburuen definizioa (emisioen murrizketa, efizientzia, energia-aurrezkia, berriztagarriak, hondakinen kudeaketa, mugikortasuna, hirigintza, lurralde-garapena, ekonomia-jarduerak…), izaera loteslea izan dezaten.
– Legean genero-ikuspegia sartzea, une honetan ez baitu aipatzen klima-aldaketak gizarteko sektorerik kalteberenetan eragin handiagoa duela, eta sektore horietan emakumeek diskriminazio bikoitza jasaten dute.
– Klima errespetatzearen aldeko kultura bat sustatzeko kapitulu espezifiko bat sortzea, herritarrak helburuen lorpenean inplikatzeko. Administrazioak informazio-kanpaina zabal bat egin beharko luke hainbat maila eta eremutan; hezkuntza, komunikabideak, elkarte-mugimenduak… gizartea Lege hori beharrezkoa dela eta bertan bildutako ekintzak martxan jarri behar direla kontzientziatzeko. Herritarrak helburu horiekin bat badatoz eta bere egiten badituzte bakarrik izango du arrakasta prozesu horrek.
– Eredu ekonomiko eta industriala aldatu beharra dakarren kapitulu espezifiko bat sartzea, eta ondorioz, beharrezko planak, neurriak eta finantzaketa-tresnak bilduko dituena karbonoan neutroa izango den ekonomia ahalbidetzen duen sistema ekonomiko eta produktibo bateranzko trantsizioari ekiteko, eta aldi berean klima-aldaketa atzean uzten ari den enpresa edo gizarte-sektoreei instituzioek lagundu egingo dietela bermatuz, aldaketara egokitu daitezen errazteko.