EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari estrategia efiziente bat eskatzen dio, asmo handiagoko estrategia bat, klima-aldaketa arintzeko sinatutako konpromisoak bete ditzan

Ingurumenaren Nazioarteko Egunean

  • Alderdi ekologistaren ustez, inplementatzen diren neurriak ez dira nahikoak, eta, hori gutxi balitz, erraustegiak bultzatzeko politikak, gas-miaketekin aurrera jarraitzeko partidak, edo gasolina- eta gasolio-ibilgailuak erosteko diru-laguntzak sustatzen dira

Ingurumenaren Mundu Eguna dela-eta, EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari estrategia efiziente bat eskatzen dio, asmo handiagoko estrategia bat, klima-aldaketa arintzeko sinatutako konpromisoak bete ditzan. Alderdi ekologistaren ustez, Klima 2050 Estrategiak ez dakar, Íñigo Urkullu lehendakariak dioenez, “konpromiso sakon eta zorrotz bat” alor horretan, ibilbide-orri horretan bildutako neurriak ez direlako nahikoak, eta, hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzak inplementatzen jarraitzen dituen politika jakin batzuen guztiz kontrakoak direlako.

Alderdi berdearen ustetan, koherentziarik ezaren adierazgarri dira, besteak beste, erraustegien sustapena, gas-miaketekin aurrera jarraitzeko partidak, edo gasolina- eta gasolio-ibilgailuak erosteko diru-laguntzak, Jaurlaritzaren Renove Planaren bitartez martxoan abiarazi zirenak. “Jaurlaritzako sail guztiek bat etorri beharko lukete KLIMA 2050 Estrategia aldaketa-tresnaren inguruan etorkizun jasangarri bateranzko bidean, baina zoritxarrez gauzak ez dira horrela. Jaurlaritza kontraesanetan dabil. Batetik, bere gain hartzen ditu nazioarteko erakundeek munduko batez besteko tenperatura 2ºCren azpitik mantentzeko sinatutako konpromisoak. Baina, bestetik, Ekonomiaren Garapeneko Sailak, orain arteko ildo beretik, lortutako akordio horien guztiz kontrakoak diren erabakiak hartzen ditu, klima-aldaketara egokitzeko oso kaltegarriak badira ere. Horrela ezin daiteke aurrera egin karbono gutxiko gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-sistema baterantz”, Erika Martínez EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaileak salatu duenez.

Bestetik, alderdi berdeak politika integralei bultzada emateko eskatzen du, horrela ingurunea ezin hobeto babestu, bere onera ekarri eta kontserbatzeko aukerak bermatzeko, bereziki Euskadin dauzkagun aberastasun natural handiko guneei dagokienez. Gure ustez, egoera kaltebera batean dauden tokien gaineko kontrolak areagotu behar dira, eta zenbait neurri judizial aldatu behar dira, ingurumen-delituei dagokienez bigunegiak direlako, Euskadiko lurraldean erregistratutako isurketa irregular ugariei dagokienez, esate baterako. “Ingurumena zaindu eta babestu beharraren gaineko sentsibilizazio eta kontzientziazioan aurrera egin badugu ere, hortik politika integralak sortu beharko lirateke, eta ez soilik loturarik gabeko ekintza bakanak”, Ramón Sánchez alderdiko kobozeramaileak azpimarratu duenez.

Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, EQUOk hondakinak birziklatzearen, berrerabiltzearen eta murriztearen alde egiten duela gogorarazi du, eta ez Euskadin ezarrita dagoen erraustegien ereduaren alde, askoz ere garestiagoa delako eta zabortegiei ere eutsi egiten dielako; ekonomia zirkularraren alde ere egiten du; nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basozaintza jasangarriak sustatzearen alde; lurraldea eraldatzeko eta azpiegiturak garatzeko eredu jakin baten alde. Hain zuzen ere, ingurunea errespetatuko duen eta gizartearen benetako premiei erantzungo dien ereduaren alde, inpaktu larriak eragingo dituzten makroproiektu handien –AHTa, esaterako– alde egin beharrean.

Planetaren eta planetan bizi garen guztion aldeko konpromisoa berretsi nahi du alderdiak, eta erakundeetan ahaleginak areagotuko ditu, Elkarrekin Podemos koalizioan dauzkan ordezkarien bitartez, gero eta beharrezkoagoa den ekologia politikoa praktikan jartzeko, politika bidezkoago eta jasangarriagoen bitartez.