Homofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren aurkako Tokiko Behatokiaren egoitza izateko LGTBI+ Zentro bat proposatzen dugu

  • Maiatzaren 17an ospatzen den homofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta egin du iragarpen hori koalizioak.
  • Udal- eta foru-kandidaturak erakundeei eskatzen die ahalegin ekonomiko eta humano handiagoa egin behar dutela gizartean LGTBI+ pertsonekiko gorrotoa desagerrarazteko.

Gaur, maiatzak 17, homofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, Gasteizen LGTBI+ Zentro bat martxan jartzea proposatu du Elkarrekin Podemosek (Ahal Dugu, Ezker Anitza IU eta EQUO Berdeak). “90eko hamarkadan aitzindaria izan zen hiriak, sexu bereko bikoteak barnean hartzen zituen izatezko bikoteen lehenengo erregistroa sortu zuenak, horrelako politika ausartak berreskuratu behar ditu. Tamalez, azken bi hamarkadetan, gutxi edo ezer ere ez da egin hiriko eta lurraldeko LGTBI+ pertsonen alde. Erakundeak urte gehiegi egon dira beste alde batera begira”, adierazi du Fernando López Castillo alkategaiak.

Elkarrekin Podemosek proposatzen duen LGTBI+ Zentroa “ordezkatzen duen proiektuaren eraikin duin” batean kokatuko litzateke, begirada betiere udalak gaur egun hiriko alderdi zaharrean hutsik dauzkan eta gutxiegi erabiltzen diren lokaletan jarrita. “Ez dugu toki konkretu bat iragarri nahi, hiriko LGTBI+ mugimenduekin partekatu behar baita prozesu hori, mugimendu horiek gidatu behar baitute prozesua”, adierazi du López Castillok. Zentro horretan, LGTBI+ mugimendu eta elkarteek garatzen dituzten jarduerez gain, Gasteizko sexu-orientazioagatiko eta genero-identitateagatiko gorroto-delituen (LGTBIfobia) aurkako Behatokia egongo litzateke.

Elkarrekin Podemosen alkategaiak gogorarazi du aurreko legegintzaldian EQUOk eta Ezker Anitzak osatutako koalizioa izan zela talde bakarra, txikiena izanagatik, hirian LGTBI+ politikak bultzatu zituena. “Irabaziko zinegotzi eta gure zerrendetan hirugarren postuan aurkezten den Oscar Fernándezen konbikzio sendoari esker, hainbat mugarri garrantzitsu ezarri ziren, hala nola Gasteizko LGTBI+ populazioaren errealitateen lehenengo diagnostikoa egitea, LGTBI+ Agenda bat martxan jartzea eta LGTBIfobiaren aurkako Behatoki bat sortzea. “Oposizioan geundela egin dugun bide honetan irmo eta bizkor jarraituko dugu aurrerantz udal-gobernura iristen garenean ere”, nabarmendu du López Castillok.