Juantxo López de Uralde EQUOren Arabako diputatua da Unidos Podemos koalizioan, eta bukatu berri den legegintzaldiaren balantzea egin du Gasteizen. Hiru urte hauetan, López de Uraldek nabarmendu duenez, lan handia egin du arabarren ahotsa Diputatuen Kongresura eramateko, zeren “beti pentsatu izan dut diputatuok gure hautesleak izan behar ditugula kontuan, eta ez soilik geure alderdia. Arabako ordezkari aurkeztu nintzenean, argi nuen zer egin behar nuen: trantsizio ekologiko global bat defendatzeaz gain, lurralde hau merezi duen tokira eraman behar nuen”.
Diputatu berdearen ustez, legegintzaldi honetan betetako helburu garrantzitsuena Garoñako zentral nuklearra ixtea izan da, hainbat hamarkadatan lan aktibista, soziala eta politikoa egin ostean. “Garoña izan da Rajoyren Gobernuarekin izan dugun eztabaidagai nagusietako bat. Azkenean, 2017ko abuztuaren 1ean zentrala berriz irekitzeko baimen-eskaerari ezezkoa ematea lortu genuen. Baina ez dugu pentsatu behar dena egina dagoenik, eraisteko prozesuari arreta handiz erreparatzen ari gara eta Rajoyren Gobernuarekin ez ezik, Sánchezen gobernuarekin ere zentralean metatzen ari diren atzerapenak salatzen jarraituko dugu”.
Egindako lan parlamentarioaren balantzean beste gai bat ere aipatu du López de Uraldek; hain zuzen ere, Gasteizen trenbidea lurperatzeko proiektua, horri buruzko hainbat ekimen parlamentario aurkeztu baititu, Ministerioak proposatutako diseinua hobetzeko asmoz. “Proiektu hori ez da gure gustukoa. Osatu gabea da, Salburua eta Zabalgana baztertzen ditu, eta ez du konponbiderik eskaintzen salgaien garraioarentzat. Sei ekimen parlamentario landu ditugu diseinua alda dadin eta, hartara, premia horiei guztiei erantzun diezaien. Green Capital den aldetik, Gasteizek proiektu onena merezi du, ez adabakiak, konponbide eraginkorrik ez dakarten adabakiak”.
Landu gabeko gaiei dagokienez, López de Uraldekprobintziako ibaien egoera eta uren saneamendua aipatu ditu, Aiaraldean eta Zadorra ibaiaren arroan, bereziki, egoera larria baita: “Publikoki salatu nahi dut Ministerioa eta Eusko Jaurlaritza utzikeriaz jokatzen ari direla Araba ur-saneamendurako azpiegitura egokiez hornitzeko garaian. Nerbioi ibaiaren arroko araztegiak martxan jartzeko zain gaude oraindik, premiazko beharra den arren eta askotan eskatu izan dugun arren. Ez nuke Barrongo urtegiaren proiektua aipatu gabe utzi nahi; nahiz eta proiektu hori oso kaltegarria izan, berriki jakin dugu eraikitzeko lanek aurrera jarraitzen dutela, alferrikakoa bezain kaltegarria den arren, ikuspegi sozial eta ekologikotik begiratuta; edo Zaia ibaiko dikea, Urkulluren Gobernua gai horrekin tematuta dago eta”.
Juantxo López de Uraldek nabarmendu duenez, hiru urte hauetan lan handia egin du eta horren adierazgarri dira Kongresuko datu ofizialak: guztira, 288 ekimen parlamentario erregistratu ditu (260 idatzitako galdera, 15 ahozko galdera eta 13 txosten-eskaera), Arabako barrutiko gainerako diputatuek baino askoz ere gehiago.
Bukatzeko, Unidos Podemosen barruko EQUOko diputatuak esan du lan asko dagoela oraindik egiteko Araba merezi duen tokira eramate aldera. López de Uraldek probintzian gainditu behar izango diren etorkizuneko erronkak aipatu ditu bereziki: “Araban, trantsizio ekologikoa abiarazi behar dugu, atzerapenik gabe. Industriaren trantsizioari erreparatzea funtsezkoa da, automobilgintzaren sektorean gertatuko diren aldaketak aukera bihur daitezen, Arabako ekonomia indartzeko aukera. Eta ezin dugu ahaztu, halaber, trantsizio energetikoa ere beharrezkoa dela, gure lurraldea energia berriztagarrien ezarpenean aitzindari izan dadin”.