- Elkarrekin Podemosek horrelako hiri-eredua aurkeztu du, “EAJ eta PSE alderdiek proposatzen duten erosketen eta musikalen hiriaren” ereduaren aurrean
Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek osatzen duten Elkarrekin Podemos koalizioak alkategaia aurkezteko ekitaldia egin du gaur eguerdian Donostian. Aitzole Araneta alkategaiarekin batera, Ezker Anitza-IUko kide Haizea Garay eta Equo Berdeak-eko kide Víctor Lasa hautagaiak ere izan dira ekitaldian, eta Elkarrekin Podemos koalizioak Gipuzkoarako aurkeztu duen ahaldun nagusirako hautagaia ere, María Valiente, bertan izan da.
Aranetak hiri feminista, askotarikoa, inklusiboa eta solidarioa aldarrikatu du, “EAJ eta PSE alderdiek proposatzen duten erosketen eta musikalen hiriaren” ereduaren aurrean. “Herritarrak zainduko dituen hiria nahi dugu, justizia soziala, aukera-berdintasuna eta oparotasuna bermatzeaz arduratuko dena. Kalitatezko lana eta etxebizitzak arrazoizko prezioan bermatuko dituena. Udal-zerbitzu duinak izango dituena auzo guztietan. Bakoitzaren zirkunstantzia pertsonalak, sozialak eta ekonomikoak direnak direla, guztioi geure tokia aurkitzeko aukera emango digun Donostia bat eraikitzeko” adierazi du Elkarrekin Podemoseko alkategaiak. Donostiako Gobernura iristen bada, lehenengo gauza zer egingo duen aurreratu du Aranetak bere hitzaldian: “ezer baino lehen, Donostia etxegabetzerik gabeko hiri deklaratuko dugu”.
Bestalde, Donostiako Udalerako hautagaien zerrendan Equoko kide den Víctor Lasak krisialdi klimatikoa izan du mintzagai: “Ez diezaiogun geure buruari iruzur egin, krisialdi klimatikoa errealitatea da gaur egun, soilik geldotasun politikoaren eraginez”. “Hori bukatu egingo da, gaur eta hemen” adierazi du Lasak. “Hiriak dira krisialdi klimatikoaren aurkako borrokaren lehen lerroa eta, horregatik, aurrera egin behar dugu Donostian politika ausart eta asmo handikoekin, klima-aldaketa leuntzen eta egokitzen laguntzeko. Alferrikakoa da Change the Change bezalako konferentzien egoitza izatea, baldin eta, gero, Gipuzkoako erakundeek erraustegiak bultzatzen badituzte. Zubietakoa Euskadiko CO2aren bosgarren emisio-foku handiena izango da, eta Zabalgarbi bigarrena da; eta horrelako instalazioak ditugu Euskadin EAJ eta PSE alderdiek hala erabaki dutelako”.
Bukatzeko, orain arte izan ez diren gardentasun-politikak ezarri behar direla nabarmendu du Lasak, “zuzeneko parte-hartze erreala sustatzeko, ez orain arte egin izan den bezalakoa, espedientea betetzeagatik”.
Elkarrekin Podemos koalizioak Udalerako aurkeztu duen hautagaitzan Ezker Anitza-IUko kide den Haizea Garayk azaldu duenez, ezkerreko koalizioak Donostian izango dituen lehentasunak honako hauek izango dira: auzoetako premiei erreparatzea, etxebizitzaren arazoa eta lanaren kalitatea hirian; horretarako, “zerbitzu publikoak berriro udalaren eskuetara ekartzeko politika bat defendatuko dute, enpleguaren kalitatea prekarizatzen duten azpikontraten ereduari aurka egiteko”.