- Alderdi ekologistak azaldu duenez, ez du aliantzarik itxi Ahal Dugu Irun eta Ezker Anitza-IU alderdiekin Gipuzkoako hiri horretako udal-hauteskundeetarako.
EQUO Berdeak alderdiak modu independentean jarraituko du bere lana egiten Irunen, hirirako arlo sozialean, arlo ekonomikoan eta ingurumen-arloan jasangarriak diren proiektuen garapenean laguntzeko, betiere klima-aldaketara egokitzearen mesedetan. Alderdi ekologistak ez du aliantzarik itxi udal-hauteskundeetara beste erakunde batzuekin batera joateko, eta zenbait hedabidek halaxe jaso dute jada, Ahal Dugu Irun eta Ezker Anitza-IU alderdiek emandako prentsaurrekoaren ondoren.
Alderdi berdearen oinarriek beren bidea bakarrik jarraitzea erabaki dute hurrengo legegintzaldiari begira. Orain arte udaletxetik kanpo garatutako proiektuan aurrera egingo dute, eta Irunerako eta eskualde osorako eredu jasangarri batean lan egiten duten beste alderdi politiko, gizarte-eragile, auzoetako agente eta beste kolektibo batzuekin partekatuko dituzte beren proposamenak.
Klima-krisiak dakarren erronka globalari egin behar dio aurre hiriak eta, aldi berean, zenbait proiektu ere izango ditugu, hala nola Irun Bidea proiektua, hiriaren fisonomia aldatu eta, azkenean, auzoak erdialdearekin lotzeko aukera zabalduko dutenak, baita Irun Hondarribiarekin eta Europako bide berdearekin lotzeko aukera eskainiko dutenak ere, etxebizitza sozialen edo zuzkidura-apartamentuen beharrezko parke bat sortzeaz gain; eta funtsezko garrantzia du korridore berdeak, iparreko noranzkoan, zeina Plaiaundiko babes bereziko eremuraino hurbilduko litzatekeen, landare eta animaliak berreskuratzeko guneak sortzeko aukera errepikaezina eskainiz.
EQUO Berdeak alderdiak buru-belarri lan egin du bi proiektuak hobetzeko, alegazioak eta ekarpenak aurkeztuz, eta alderdi berdeak hurbiletik jarraituko ditu bi proiektuak, erabat beharrezkoa baita Irunentzat hirigintza-politikek ingurunea errespeta dezatela eta pertsonen bizitza ere hobetu dezatela.