- Eusko Jaurlaritzak dio ez dela arriskurik aurreikusten euskal kostalderako, baina Frantziako Trantsizio Ekologikorako ministro François de Rugy jaunak ez du baztertzen isuria Espainiako kostaldera iristeko aukerarik
EQUO Berdeak alderdia kezkatuta dago Grande America kargaontzia urperatu ostean Bizkaiko Golkoan zabaldu diren bi orban handiak –2.200 tona fuel-olio– direla eta; izan ere, isuritako erregaiak kalteak eragin baititzake, agian, euskal kostaldean.
Eusko Jaurlaritzak esan duenez, material kutsatzailea kostaldera iristeko arriskurik ez dago. “Ez da arriskurik hauteman euskal kostalderako” iragarri du sare sozialetan. Sustapen Ministerioa ere bat dator baieztapen horrekin, kutsadura iristeko aukera baztertu egin duenez. Alabaina, Frantziako Trantsizio Ekologikorako ministro François de Rugy jaunak ez du baztertzen isuria Espainiako kostaldera iristeko aukerarik.
Horren aurrean, Italiako kargaontziaren marea beltzak euskal kostaldean kalterik eragin ez dezan prebentzio-neurriak zorrotz aplikatzeko eta erne egoteko eskatu die EQUO Berdeak alderdiak erakundeei. Gerta daitezkeen gorabeheren aurrean jarduteko protokoloak prest izateko ere eskatu die erakundeei alderdi ekologistak. Izan ere, agintari eta ornitologo frantsesen arabera, “arazoak dituzten” hegazti mordo bat irits daiteke euskal hondartzetara, eta SOS Deiak-ek ere mezu bera zabaldu du, “petrolioztatutako animaliak” ager daitezkeela jakinarazteko. Aukera horren aurrean, Elkarrekin Podemos koalizioaren barruko EQUO Berdeak alderdiko parlamentarioa den José Ramón Becerrak galdera sorta bat erregistratu du jada, animalia horiekin nola jokatuko den jakiteko.