Premiaz eskatu diogu Ingurumen sailburuordeari Airearen Kalitatea Neurtzeko Sarea hobetzeko, oker baitabil

  • Elkarrekin Podemosek premiaz eskatu du Airearen Kalitatea Neurtzeko Sarea hobeto egituratzeko, “orain arte hartutako neurriak ez baitira nahikoak, azken asteetan izan diren moduko kutsatze-gertaeren aurrean”.
  • Gainera, Elkarrekin Podemoseko Jose Ramon Becerra legebiltzarkideak proposatu duenez, “ezinbestekoa da lanean jarraitzea Petronorrekoa bezalako jarduerek ez dezaten hondatu euskal herritarrek arnasten duten airearen kalitatea”.

Elkarrekin Podemosek Legebiltzarrean gogorarazi du gaur 2018ko urrian mozio bat aurkeztu zuela Airearen Kalitatea Neurtzeko Sarearen funtzionamendu okerra egiaztatuz. Hori dela eta, premiaz eskatu du hobeto antolatzeko kabinen kopurua, kokapena eta neurtzen duten kutsatzaile-zenbatekoa.

Elkarrekin Podemoseko Jose Ramon Becerra legebiltzarkideak gaurko Ingurumen Batzordean salatu duenez, “Ingurumen sailburuordetzak proposatutako neurriak ez direla nahikoa ikusten ari gara, izan ere, ez baita erabaki herritarrak arnasten duten airearen kalitate txarragatik behin eta berriz kexatu diren udalerrietan neurtze-gune berriak jartzerik”.

Gainera, Becerraren esanetan, euskal koalizio ezkertiarrak premiaz eskatu du Sareak herritarrei ematen dien informazioa hobetzea, “neurtutako balioak denbora errealean eman behar baitira, orain arte bezala etenik eta konexio-mozterik gabe”; orobat adierazi duenez, “informazio gabeziak herritarren kezka handitu egiten du, eta euren osasuna zaindu behar duten erakundeekiko konfiantza ahuldu”.

Hala, Elkarrekin Podemosentzat funtsezkoa da Ingurumen eta Osasun sailak Udalekin batera lankidetza estuan aritzea, euskal herritarrek arnasten duten airearen kalitatea ona dela ziurtatu ahal izateko.

“Azken egunetan izan ditugun bezalako kutsatze-gertaeren aurrean, herritarrei jakinarazteko protokoloak behar dira, baina baita kutsatze-iturriak gutxitzeko jarduera-jarraibideak ere. Alferrik da neurtzen ibiltzea, ondoren arduraz jokatzen ez baldin bada”, hala adierazi du Becerra legebiltzarkideak batzordean.

Petronor

Elkarrekin Podemosek oroitarazi duenez, 2017ko azaroan Legebiltzarrean aurkeztu zuen mozioa aho batez onartu zen, eta bertan argitu zenaren arabera, Petronorren jarduera behin eta berriz eteteak eta hango matxurek erasan egiten die bertako herritarrei.

Erakundeen kezka ez da Legebiltzarrera mugatzen, baizik eta Petronorren jarduera aztertzeko Eusko Jaurlaritzak eta Udalek osatutako Erakunde Arteko Mahaiak berak ere joan den urtarrilean “ondoeza” adierazi zion enpresa petrokimikoari, 2018ko azarotik abendura bitartean eragin zituen usain gogorrak eta eragozpenak zirela eta, errepika ez zitezen eskatuz.

Becerrak salatu duenaren arabera, “Jaurlaritzak pausoak eman dituen arren Petronorrek eragiten duen kutsadurari muga berriak jartzeko, horiek ez dira aplikatzen findegiak egoki funtzionatzen ez duenean eta matxurak edo programatu gabeko geldialdiak jasaten dituenean”.

Legebiltzarreko taldeak jakinarazi duenez, gaur egunera arte Osasun Sailak egindako ebaluazio bakarrean egiaztatu zen ez dagoela informazio nahikorik findegiak matxurak edo etenak dituenean igortzen dituen kutsatzaile kaltegarri ugariko igorpenen inguruan. “Hortaz, ezinbestekoa da lanean jarraitzea Petronorrekoa bezalako jarduerak garatzeak ez dezan kalterik eragin herritarren osasunean”.

Horregatik, Elkarrekin Podemosentzat funtsezkoa da Osasun Sailak aldian behin ebaluazio zehatzagoak egitea kutsadura kimikoak Petronor inguruan bizi diren herritarren osasunean duen erasanari buruz, nola gaitz kronikoetan, hala epe luzean ere.