EQUO Berdeak alderdiak bat egin du GuraSOS elkarteak datorren 23rako (larunbata) “Esan baietz adostasunari” lelopean Donostian antolatutako manifestazioarekin, eta herritarrei ere dei egiten die mobilizazioan parte har dezaten.
Alderdi ekologistak gogora ekarri duenez, hondakinak kudeatzeko sistemak errausketan oinarritzen badira, ekonomia zirkularraren aurka doaz, eta bateraezinak dira zabortegiak pixkanaka desagerrarazteko ekimenarekin. Desagerrarazteko bidean lagundu beharrean, instalazio horiek iraunarazten dituzte, errausketak eragindako zepa eta hauts toxikoak zabortegietara bota behar direlako.
EQUO Berdeak alderdiaren ustetan, hondakinak kudeatzeko modu horrek “ez dauka inolako logikarik, kontrolpeko hondakin solidoak (hondakinak) kontrolik gabeko gas-hondakin (erraustegiko tximiniak sortutako kea) bihurtzea dakarrelako berekin. Gainera, Gipuzkoako batzarrekoek erantsi dute errekuntza-prozesuan osagai toxiko kantzerigenoak sortzen direla, guretzat guztiz kontrolaezinak direnak”.
Alderdi berdearen ustez, Zubietako erraustegia berotegi-efektuko gas ugari emititzen dituen instalazioa da, “EAJren eta PSOEren Gobernuak gardentasun-gabezia onartezin batekin inposatua, eta gainera, haren kostua, Gipuzkoak bere gain hartu ezinezko hipoteka da. Ez dugu nahi gure osasunaren eta gure ingurunearen kaltetan doazen kutsadura-iturri gehiago”.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, EQUO Berdeak alderdiak gipuzkoar guztiei dei egiten dizue larunbatean Donostiara bertara zaitezten, manifestazioari babesa emateko.