Nekazaritza Politika Erkidearen erreformaren inguruan herritarrei galdetzen diegu

  • EQUO Berdeak alderdiaren ustez, egungo Nekazaritza Politika Erkideak, enpresa handiei eta jabeei lurrak, ura, haziak eta laguntza publikoak berenganatzea ahalbidetzen dienak, aldaketak behar ditu.
  • On line inkestaren helburua da herritarrek politika horri dagokionez zer lehentasun dauzkaten jakitea, eta horietan oinarrituta aurrekontu bat egiteko aukera ere proposatzen zaie.

Europako Parlamentuan Nekazaritza Politika Erkidearen erreformari heldu zaio, eta EQUOk, Europako Alderdi Berdearen bitartez, inkesta bat kaleratu du herritarrei erreforma horretan jarraitu beharreko ildoen inguruan galdetzeko. Nekazaritza Politika Erkidea EBren aurrekontuaren % 40 da, gutxi gorabehera 114 € EBko herritar bakoitzeko, eta erreforma-prozesuan dago une honetan.

Alderdi berdeko kideek uste dute Nekazaritza Politika Erkideak erreforma serio jakin batzuk behar dituela, baita EBren funtsen birbanatze bidezkoago bat ere, lurraren erabilera jasangarria saritzearren, eskualdeen eta estatuen arteko desparekotasunak ezabatuz eta finka txikienei eta kalitatezko enpleguak eta ingurumenari dagokionez jasangarriak diren produktuak ematen dituztenei lagunduz. Gainera, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan, substantzia kimikoen erabilerari buruzko politikak berrikusi behar dira, eta substantzia horiek industria-nekazaritzan duten inpaktua murriztu behar da, ondorio larriak izaten ari direla aintzat hartuta, intsektu polinizatzaileen populazioaren murrizketa adibidez.

Inkesta https://www.yourcapreform.eu/es-en dago eskuragarri, eta politika horri dagokionez herritarrek zer lehentasun dauzkaten ezagutzea da inkestaren azken helburua. Gainera, parte hartzen duten pertsonei hautatu dituzten lehentasunen arabera aurrekontu bat egiteko proposatzen zaie.

EQUO Berdeak alderdiak nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzio duina, emankorra, jasangarria eta berdintasunezkoa sustatzearen aldeko eredua defendatzen du, lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko. “Elikagai osasungarriak ekoizten dituen, ingurumena kontserbatzen duen eta emakumeak eta gazteak ustiategien jabe izan daitezen laguntzen duen landa-eremu biziari bide ematen dion nekazaritzako eta abeltzaintzako politika bat nahi dugu”, azpimarratu dute euskal alderdiaren Ekintza Politikoko taldeko kideek. EQUO Berdeak taldearen ustez, egungo Nekazaritza Politika Erkideak enpresa handiei eta jabeei ahalbidetzen die lurrak, ura, haziak eta laguntza publikoak berenganatzea. “Ez du laguntzen nekazaritza eta abeltzaintza hobeak eraikitzen, baizik eta nekazaritza eta abeltzaintza mendekoagoak eta zaharkituagoak eraikitzen”.