EQUO Berdeak energia-garapen deszentralizatua eskatu du Euskadirentzat, herritarren eskutan egongo dena “txaleko horiak” egiten ari diren protestak eta gisa horretakoak saihesteko

  • Alderdi ekologistaren ustez, konpainia elektriko handien ereduak desparekotasunari eta klima-aldaketari egiten die mesede, eta energia-pobrezia dakar berekin.
  • Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide José Ramón Becerrak Euskal Ganberari helaraziko dio proposamena, gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean berriztagarriei buruz egingo den eztabaidan.

EQUO Berdeak alderdiaren ustez, gizarte jasangarriago eta efizienteago bateranzko ezinbesteko energia-trantsizioa hiru premisa hauetan oinarritu behar da: energia aurreztea, energia fosilak pixkanaka uztea, eta energia berriztagarrien garapena.

Nolanahi ere, azken premisa horri dagokionez, energia berriztagarrien garapenari modu demokratiko eta deszentralizatuan ekin behar zaio, eta ez orain artean energia zikinekin egin den bezala. Azken horiek gutxi batzuen esku daude eta kontsumoguneetatik urrun sortzen dira, efizientziaren kaltetan. Hain zuzen ere, energiaren enpresa monopolizatzaile handien eredu hori da desparekotasunari mesede egin diona, energia-pobrezia ekarri duena, eta, neurri handi batean, gaur pairatzen dugun klima-aldaketa erraztu duena.

Horregatik, Euskadik etorkizunari begira behar duen energia-plangintzak irizpide horiek hartu behar ditu kontuan, euskal gizarte osoak energia berriztagarrien garapenean eta etekinetan parte har dezan, zuzenean, autokontsumoaren bitartez, edo enpresa kooperatiben bidez, Europako zenbait herrialdetan jada gertatzen ari den bezala. Gainera, jarraibide horiek udaletara eta enpresa txikietara hedatu beharko lirateke, energia-eredua bidezkoagoa eta deszentralizatuagoa izan dadin.

Horixe da lehenbailehen abian jarri beharreko funtsezko eztabaida, eta Elkarrekin Podemosen dugun legebiltzarkide José Ramón Becerrak gaur arratsaldean Euskal Ganberari helaraziko diona, Talde Popularrak proposatuta energia berriztagarriaren garapenari buruz eztabaidatuko den mozioaren esparruan. Becerraren asmoa da Legebiltzarra eta Gobernua inplikatzea energia-trantsizioa bultzatzeko gogoeta sozialeko prozesu batean, trantsizio hori bidezkoagoa eta demokratikoagoa izan dadin, eta, ildo horretan, berriz ere plantea dezagun gure energia-premiak nola asebete ditzakegun, gizartean desparekotasunak sortu gabe eta Frantzian “txaleko horien” eskutik izan berri diren protestak eta gisa horretakoak saihesteko.