- Oscar Fernándezek eta Txema Ruiz de Apodacak, alderdi berdeak datorren legealdirako egin duen Nekazaritza Eraztunerako proposamena xehatu dute.
Datorren legealdiari begira, EQUO Berdeak taldearen lehentasunetako bat lan-ingurunearen eta lurraren balioa berreskuratzea izango da, kontsumitzen ditugun elikagaien sorburu baitira. Alderdi berdeak ezartzen dituen helburuen artean, Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategiarekin bat etorriz, honako hauek daude: elikagaien produkzioa birkokatzea; produkzio, eraldaketa eta kontsumoko zirkuituak ahalik eta gehien murriztea; eta autohornidura bultzatzea. Elikadura-burujabetzarantz aurrerapausoak emateko funtsezko zutabeak dira helburu horiek. Zoritxarrez, ez Nekazaritzako Politika Bateratuak ezta Merkatuak ere ez dute helburu horien aldeko jardunik egiten, gizartearen jasangarritasuna ziurtatzeko ezinbestekoak diren arren.
EQUO Berdeak taldeak uste du Udalak funtsezko zeregina bete dezakeela elikadura-burujabetza horretarantz aurrerapausoak emateko, udal-jabetzako landa-finketako bere 300 hektareak hiri kanpoko Nekazaritza Eraztun bat sortzeko prestatuz, bertan nekazaritzako jarduera ekologikoak inplementatu ahal izateko. Gaur egun, elikagaien produkzioaren % 0,6 bakarrik egiten da nekazaritza ekologikoaren parametroei jarraikiz, eta horregatik sektore hori hedatzeko potentziala oso handia da Arabako lurraldean.
Gainera, EQUO Berdeak taldeak honako jardun-ildo hauek proposatzen ditu:
– Nekazaritza ekologikoko parkeak martxan jartzea Abetxukon, Las Neveras muinoan, Aretxabaletan, Armentian, Arkauten eta Zabalganan.
– Hiri-baratzezaintzako proiektu berriak garatzea, gaur egun Zabalgana, Salburua eta Lakuan daudenei gaineratzeko.
– Handizkakoen Merkatuari eta Euskal Herriko Hazien Sareari lehen sektoreko ekintzailetzarako Basaldea proiektua gaineratzea.
– Lurren banku bat sortzea Gasteizko kontzejuekin lankidetzan, sektoreko profesional berriak aktibatzeko.
Alderdi berdeak proposatzen duen Nekazaritza Eraztunak, elikadura-burujabetza sustatu eta gure elikagaien kalitatea hobetzeaz gain, enplegu berdearen sorburu garrantzitsua izango da. Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko proiektuetako ekintzaile berriek, produkzio eta kontsumoko zirkuitu labur berriek, eta tokiko produktuak saltzeko zentro berriek Gasteizko eta Arabako ekonomia indartzea ahalbidetuko dute.
“Landa hori azpiegitura handiak inplementatzeko libre dagoen espazio txuri bat bezala ikustetik elikadura-jarduera eta gizarte-jarduera eta aberastasuneko mosaiko bat ikustera igaro behar dugu. Gu garenon identitatea eratzen duen mosaikoa”, adierazi du EQUO Berdeak taldearen Arabako Batzar Nagusietarako hautagaiak. Ildo horretan, alderdi berdeak hainbat udalerritan, batez ere Gasteizen, garatu gabe dagoen lurzoru urbanizagarriari sailkapen hori kentzeko apustuarekin jarraitzen du, lehen sektorea sustatzen jarraitzeko xedez.
“Nekazaritzako elikagaien kateko agente guztiak inplikatu behar ditugu enplegu berdea sortzeko eta produkzio-eredua eraldatzeko. Produkziotik kontsumoraino, banaketa eta merkaturatzea barne. 2030. urteko Gasteizek ahalik eta elikagai kopururik handiena landu, banatu eta merkaturatu behar du”, azpimarratu du IRABAZIKO (IU/EQUO) zinegotzi eta Equo Berdeak taldearen Gasteizko alkatetzarako hautagai Oscar Fernándezek.