Elkarrekin Podemosek proposatu du Euskadin ustelkeria borrokatzeko fiskaltza bat sortzea

  • Rosa Martínez Unidos Podemoseko Kongresuan duen diputatuak eta Cristina Macazaga, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak azaldu dute lege proposamena, eta xedea da ustelkeria borrokatzeko fiskaltza bat sortzea autonomia erkidego guztietan.
  •  “Euskadin jende asko aberastu da mafia trikimailuak erabilita, eta hori amaitu beharra dago”.

Elkarrekin Podemosen ustez, bezerokeria da Euskadin nagusi den ustelkeria eredua, eta hura borrokatzea funtsezkoa da demokrazia berrituko bada, zintzotasun politikoa gailenduko bada eta aukera berdintasuna bermatuko bada.

Horregatik ezagutarazi du, gaur goizean, Rosa Martínezek, Unidos Podemosek Kongresuan duen diputatuak, Eusko Legebiltzarrean prentsaurreko bat emanda eta Cristina Macazaga legebiltzarkidearekin batean, autonomia erkidego guztietan ustelkeriaren aurkako fiskaltza sortzeko lege proposamena.

“Euskadi desabantailan da beste lurralde batzuekin alderatuta; izan ere, badira ustelkeriaren aurkako fiskaltzak Katalunian, Madrilen, Balearretan, Kanarietan, Andaluzian, Murtzian eta Valentziako Erkidegoan. Giza baliabide eta baliabide material gutxiago du ustelkeria eta bezerokeria kasuak identifikatu, epaitu eta zigortzeko, eta hori nabarmen gelditu da De Miguel eta Margüelloren instrukzio luzeetan”, esan du Martínezek.

Alde horretatik, bihar, proposamen bat eramango du Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurara, gobernuak premiaz eska diezaion Euskal Herriko Unibertsitateari azterketa xehe bat Euskadin dagoen ustelkeriaz eta bezerokeriaz.

Azterketa horrek azaldu behar luke bolako bolumena eta tipologia dituen eta nolako eragina duen enpleguan, zerga bilketan, ekonomiaren lehiakortasunean, aukera berdintasunean eta zerbitzu publikoen kalitatean.

“Kontu horiek guztiak ikusi ditugu Margüelloren, De Miguelen eta Osakidetzako EPEen kasuetan”, esan du Cristina Macazagak, eta hauxe gaineratu du: “Eskatzen dugu izan dezala gomendio sorta bat horrelako ustelkeria eta bezerokeria izurriak ezabatzeko Euskadiko gizartetik, politikatik eta ekonomiatik.

Ezkerreko euskal koalizioak berriz aipatu du Euskadin ustelkeriaren aurkako fiskaltza bat sortzeko premia, eta ahal diren bitarteko material eta pertsona guztiak jarri behar dira ustelkeria identifikatu, epaitu eta zigortzeko.

“Beste kasu askok erakusten dute bezerokeria dagoela euskal politikan, non erakundeetan urteak daramatzatenentzat erakunde horiek erabiltzeko modu bat baita hori. Euskadin jende asko aberastu da mafia trikimailuz, eta hori amaitu beharra dago”.