- Bonu soziala berritzeari buruzko kanpainari gizarte-langileen taldearen kontratazioa gehitzen zaio gastu energetikoa murrizteko.
- Oscar Fernandezek uste du pobrezia energetikoa arazo handia dela Gasteizen eta udalak ahalegin handiagoa egin beharko lukeela arazo hori bideratzeko.
EQUO Berdeak alderdiak, bere zinegotzi eta alkatetzarako hautagai Oscar Fernandezen eskutik, udalari eskatu dio pobrezia energetikoaren aurkako txoke-plan bat sor dezala Gasteizen. Alderdi berdeak defendatzen duenez, udalarentzat oso txikia den inbertsio batekin itzulkin ekonomiko eta sozial oso garrantzitsua lor daiteke, hori guztia kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden familiak sustatzeko estrategiaren barruan sartua betiere.
Bi ekimenetan oinarritzen da plan hori: lehenengoa, bonu sozialaren berrikuntzari buruzko informazio-kanpaina eta baliabide ekonomiko eskasekin pentsiodunen gastu energetikoa finantzatzeko udal-laguntza, lehendik ere EQUO Berdeak alderdiak eskatutakoa. Pobrezia energetikoko egoeran dauden familiak aholkatuko dituen gizarte-langileen talde bat kontratatzea da bigarrena. Gizarte Politiketako Sailera atxikiko lirateke langile horiek eta esklusiboki arituko lirateke argiaren ordainagiria ordaindu ezin duten familien kasuak detektatzen eta kasu horiei erantzuten, baliabiderik ez dutelako neguan berotu ezin diren eta bero kozinatu ezin duten familien kasuekin batera.
“Ez dugu nahi administrazioak fakturen ordainketarako laguntza soilean geratzea. Urrats bat haratago joan behar dugu eta, gastua estaltzeaz gain, familien kontsumo energetikoak aztertu behar dira eta aurrezpen-neurriak aplikatu fakturan potentzia egokituz edo etxetresna elektrikoak berrituz”, adierazi du Oscar Fernandezek.