“Gizarte gisa aurre egin behar diogun erronka sozial eta ekologikoari ekiteko gai den hiri bihurtu nahi dugu Gasteiz”: Oscar Fernandez

  • Hurrengo legegintzaldian eraldaketa horretarako oinarriak ezartzeko lan egingo du alderdi ekologistak, hiru zutabe nabarmenduta: trantsizio energetikoa, elikagai subiranotasuna eta udalerriko lehen sektorea, eta sektore soziala, auzoei bizia itzultzeko
  • Vitoria-Gasteiz BerdeaGO! lelopean garatu da aurkezpen-ekitaldia, eta Arabako hiribururako alkatetzarako EQUO Berdeak alderdiak aurkeztutako hautagaiarekin batera izan dira Juantxo Lopez de Uralde diputatua eta Erika Martinez kobozeramailea ere

EQUO Berdeak alderdiak gaur goizean aurkeztu du Oscar Fernandezen Gasteizko alkatetzarako hautagaitza ofiziala. Fernandezek Juantxo Lopez de Uralde diputatuaren eta EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaile Erika Martinezen babesa izan du ekitaldian, eta nabarmendu duenez, gizarteak aurre egin beharreko erronka sozial eta ekologikoari ekiteko gai den hiri bihurtu nahi du Arabako hiriburua, eta Gasteizko herritarrak laguntzaile izan daitezela zeregin horretan. “Gure alderditik proposatutako politiken bidez Gasteiz erreferentzia bihurtuko dugu pertsonen bizi-kalitatea eta pertsona horiek bizi diren ingurunearen kalitatea hobetzera zuzendutako politiketan. Hori da gure konpromiso irmoa”, Fernandezek azpimarratu duenez.

EQUO Berdeak alderdiarentzat lau urte hauek funtsezkoak izango dira gizarteak aurre egin beharreko erronka sozial eta ekologikoari zuzen ekiteko, denbora galdu baita azken legegintzaldietan. Azken urteak ez dira baliagarriak izan eraldaketa saihestezinaren oinarriak ezartzeko. “Green Capital ekimena marketin berderako elementu soil batean geratu zen, edukirik gabeko marka huts batean, Andre Maria Zuriaren plazako heskai batean. Ez Marotoren gobernuak, ez Urtaranenak ez dute Green espiritu hura berreskuratu politika benetan eraldatzaileetan sakondu eta aurrera egiten jarraitzeko, pertsonen eta Planetaren alde, betiere. Urrezko denbora galdu dugu eta orain azaleragailua zanpatu behar dugu”, Fernandezek azpimarratu duenez.

Alderdi ekologistaren ustez, NBEren Garapen Jasangarriko Helburuak eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Parisko Akordioa dira gida gisa erabili behar diren tresnak Gasteizen toki-politikak artikulatzeko. Globalki pentsatzea tokian jardutea delako. Eta helburu horiek betetzeak eraldaketa sakona ekarriko du hirian bizitzen den eta elkarrekin bizitzen garen moduan. “Ibilbide hau aprobetxatu behar dugu norabidez aldatu eta Gasteiz justuago, sozialago eta ekologikoago bat sortzeko”, azpimarratu du Fernandezek.

Horretarako, hurrengo legegintzaldian eraldaketa horretarako oinarriak ezartzea proposatzen du EQUO Berdeak alderdiak, hiru zutabe nabarmenduta: trantsizio energetikoa, elikagai subiranotasuna eta udalerriko lehen sektorea, eta sektore soziala, auzoei bizia itzultzeko. “Eraztun Berde sendoa daukagu gure hirian, ia amaitutakoa, herritar guztiek aitortua eta estimatua. Gure Eraztun Berdeaz haratago joateko unea iritsi da, eta beste hiru eraztun sortu, 2030eko Gasteizerako oinarri izango direnak, Gasteiz BerdeaGO!rako oinarri, hain zuzen ere”, esan du Fernandezek bere hautagaitza aurkezteko aukeratutako leloaren inguruan.

Honela banantzen da proposamen hirukoitza:

Eguzki Eraztuna, eredu berriztagarri eta demokratiko baterako trantsizio energetikoa ahalbidetuko duena. Industrialdeetako pabiloietako teilatuetan eguzki-panelak masan jartzea proposatzen da, baita lineak ere plakak instalatzeko etxebizitzetako teilatuetan. 2030erako hiriko lehen energia-iturria eguzki-energia izatea da helburua. TUVISAko flotaren elektrifikazioarekin osatzen da proposamena, 2030ean autobus guztiak elektrikoak izan daitezen.

Nekazaritza Eraztuna, zeinean elikagaiak produzituko diren elikagai-subiranotasuna lortzeko helburuarekin. Landa-ingurunea eta bertako bizimoduak babestu behar dira, eta hiri-nekazaritza bultzatu. Lurren banku bat sortzea proposatzen da lur horiek nekazari berrien eskura jartzeko, eta hiri-baratze eta hiri-baso jangarrien sarea hiriko auzo gehiagoetara zabaltzea.

Eraztun Soziala, auzoak biziz gainezka egon daitezen eta pertsona bakar bat ere ez dadin geratu gure gizartetik kanpo baztertuta. Etxebizitzen Parke Publiko bat eta hiriko hutsik dauden 10.000 etxebizitzak alokairu-merkatura aterako dituen Etxebizitzen Udal Bulego bat martxan jarri nahi ditu EQUO Berdeak alderdiak. Gainera, Toki Merkataritzako Plan bat egingo da, auzoko merkataritza-elkarteak sustatu eta auzoetan denda gehiago jartzea ahalbidetuko duena. Puntu honetan Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kudeaketa publikoa berreskuratzea barne hartzen da, orain enpresa pribatuen esku baitago.

Horrekin batera, fiskalitate feminista bat ezarriko da emakumeen ahalduntzea eta autonomia sustatzeko, guraso bakarreko familiak eta indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeek ardatz gisa hartuko ditugularik. “Gure ikuspegi ekofeministaren barruan kokatzen da proposamen hori, termino hori patriarkatuaren eta haren praktiken aurka borrokatzeko modu gisa ulertuta, ekologismoaren eta feminismoaren korronte osagarrien bidez, zeinak zeharkakoak diren gure lan-eremu guztietan”, Fernandezek azaldu duenez.

Azkenik, EQUO Berdeak alderdiak uste du politika ez dela lanbide bat bezala ulertu behar, baizik eta zerbitzu publiko bat bezala. Horregatik, proposatzen du Gasteizko Osoko Bilikurako soldata guztiak –alkatearekin hasi eta azken zinegotziarekin buka, eta hautaketa politikoko kargu guztiak ere barnean hartuta– mugatzea, eta gehienez Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren halako 3.5eko diru-sarrerak izan ditzatela guztiek ere.

Hauteskundeetarako programa Maiatzak 26 Vitoria-Gasteiz:

                                     [gview file=”http://euskadi.partidoequo.es/wp-content/uploads/2018/11/Programa-EQUO-BERDEAK-VG.pdf”]