Geltokiaren etorkizuneko birmoldaketak honelako etxebizitzak eraikitzeko aukera ematen du alokairua 1.200 eurotara heltzen den eremuan
Ahal Dugu, Ezker Anitza – IU eta Equo Berdeak taldeek osatutako koalizioak hurengo osoko bilkuran defendatuko du Bilboko Udalaren Osoko Bilkurak eska diezaiola Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioari: Abandoko geltokiaren birmoldaketako lurzoru eta hirigintza-aprobetxamenduen zati bat alokairu sozialeko 20.000 etxebizitza eraikitzeko Estatuko Planaren barruan sar dezala.
Carmen Muñoz, Udalberriko bozeramaileak, gogoratu du mota honetako etxebizitzen errentak gora egin duen bitartean 10.000 eskatzaile daudela. “Merkatu librean alokairuen prezioaren gorakada esponentziala geldiarazten laguntzeko neurriak jarri behar dira martxan”.
Zehazki, Abando eta Indautxu auzoetako eta Alde Zaharreko alokairuaren batez besteko eskaintza hilean 1.200 € pasatxo ingurukoa da, eta eskaintza oso txikia da alokairu libreko erregimeneko etxebizitzen kasuan. Gainera, gaur egun, Abando barruti osoan ez dago etxebizitza publikoaren eskaintzarik alokairu sozialeko erregimenean.
Horregatik guztiagatik, eta Abandoko geltokiaren etorkizuneko birmoldaketaren ondorioz lau urtetik sei urtera bitarteko epean lurzoru publikoak sortuko direnez, Sustapen Ministerioarenak izango direnez eta inguruan etxebizitza babestuaren erabilera izango dutenez, UdalBerri – Bilbao en Común alderdian uste dute ezinbestekoa dela lurzoru horien zati bat Ministerioak berak iragarritako alokairuko etxebizitza sozialak eraikitzeko Estatuko Plan horretan txertatzea.