Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek titulu handiak dituzte baina ez dute mami sozialik

  • “Aurrekontu hauek entitateek galdu dituzten milioiak elikatzeko balio dute, eta euskal Administrazioaren egiazko zulo beltza dira”, esan du Elkarrekin Podemoseko Joserra Becerra legebiltzarkideak gaur ogasun eta aurrekontu batzordean.

Elkarrekin Podemosen ustez, Ekonomiaren Garapen Sailak 2019. urterako prestaturiko aurrekontuek ez dute balioko euskal ekonomian dagoeneko nabari den moteltzeari buelta emateko. “Aurrekontu batzuetan okerrena zera da, garapen ekonomikoa pizteko asmotan prestatzea kontuak eta gero ez balio izatea helburu horretarako, kasu honetan bezala”, esan du Joserra Becerra parlamentariak.

“Euskal ekonomiak bere bideari darraion bitartean, aurrekontu milioidun honek ez du balioko baizik eta entitateek galdu dituzten milioiak elikatzeko; horiek dira euskal Administrazioaren egiazko zulo beltzak; horra hor, esaterako, SPRILUR, Euskadiko Hidrokarburo Baltzua eta Euskadiko Estrategia Logistikoa”, esan du Becerrak.

Elkarrekin Podemosek salatua du aurrekontuak ez duela garbi azaltzen zailtasunak dituzten enpresei lagundu behar ote dien —hala nola La Navali—, ez du zehazten zertan datzan Euskadiko enpresak errotzeko 250 milioiko funtsa, eta 10 milioi baino ez ditu bereizi erkidegoan premia gehien dituzten eskualdeak pizteko plan ospetsurako.

Gizarte politikei dagokienez, Elkarrekin Podemosek Artolazabal sailburua kritikatu du, gizarteratzea aipatzen baitu baina egiaz oso jende gutxiri mesede egiten dioten neurriak saltzen baititu eta soilik enpleguari begirakoak enplegu prekarioa izanda ere.

“Gizakiak erabiltzeko ikuspegi horrek kezkatzen nau: merkatua martxan izateko baleude bezala, errenta ateratzeko izakiak balira bezala, eta ez, ordea, bizimodu duin bat izateko eskubidea duten pertsonak bezala, non kontuan hartuko diren berek dituzten bizi proiektuak eta borondateak”, azpimarratu du Tinixara Guanche parlamentariak, eta hauxe gaineratu du: “Merkatuaren apustu gisa ikusten dute gizarte politika, eta ez inbertsio gisa”.

Gazteriari dagokionez, titulu handiko aurrekontu hutsak aurkeztu izana kritikatu dio Elkarrekin Podemosek Artolazabali. “Haren proposamena urruti dago guk funtsezkotzat jotzen dugun gizarte politikatik, eta ez dute gure babesik izango aurrekontu hauetan”, esan du Guanchek.

Azkenik, etxebizitzaren arloan, euskal ezkerreko koalizioarentzat, VISESAk lan eskasa egin du 502 etxe errenta ipinita eta 666 salmentan. Dioenez, gainera, Etxebiden izena eman duten %81,2k alokairua eskatzen dute, eta ez dago ulertzerik lehentasuna salmentari ematea eta ez alokairuari.

“Etxebizitza saila ez da gauza izan 5.500 etxeen muga gainditzeko, Bizigune, ASAP eta horrelako programetan hori planteatzen baitzen 2018rako; horren ordez, 4.639tan gelditu da Bizigune eta 209tan ASAP; eta, hala ere, 2019rako 6.400 etxetara iristea proposatu du”, esan du Martinez Zatonek; hauxe ere gaineratu du: “Ez badago apustu garbi bat etxe hutsak mobilizatzearen alde, ezinezkoa da helburu hori betetzea”.

Hori dela medio, Elkarrekin Podemosek zenbait ekimen proposatu ditu etxe duin bat izateko eskubide subjektiboa ziurtatze aldera euskal herritar guztiei, eta eskatu du 2019ko aurrekontuetan diru sail batzuk bereizteko etxebizitza eskubidea bermatze aldera eta etxe hutsak mobilizatze aldera.