- Alderdiak kritikatu du prozesuari buruzko erabakiak hartzen ari direla eraispen nuklearrerako plan bati eta hondakinak kudeatu eta tratatzeko plan bati jarraitu gabe
- ENRESAren komunikazio ofizial batek dioenez, Garoñako Aldi Baterako Biltegi Indibidualizatuak bidezko den lizentzia lortu du zentrala martxan egon zen urteetan gastatutako erregaia biltzeko, eta hondakinek han jarraituko dute bestelakorik agintzen ez den bitartean
Unidos Podemos koalizioko EQUOko diputatu Juantxo López de Uraldek Garoñaren eraispen-prozesuaren inguruan egiten ari diren kudeaketa gaitzetsi du, oso motel egiten ari direlako eta erabaki-hartzean inprobisazioa nagusi delako.
Alderdi ekologistaren ordezkariaren galderei parlamentuan emandako erantzun batean jakinarazi da Garoñako hondakin erradioaktiboek zentralean jarrai dezaketela epe jakin bat eduki gabe instalazioaren eraispen-prozesu osoan zehar, eta Gobernuak orain adierazi du 8 – 10 urteko iraupena izango duela. ENRESAren komunikazio ofizialean adierazten da Aldi Baterako Biltegi Indibidualizatuak bidezko den lizentzia jada lortu duela zentrala martxan egon zen urteetan gastatutako erregaia biltzeko, eta funtzionamenduan jartzeko zain dagoela. Gaur egun zentralaren putzuan jarraitzen duten erregai-barrak biltegiratuko dira gune horretan. Behin Aldi Baterako Biltegi Indibidualizatua aktibatzen denean bertara pasatuko dituzte; komunikazio ofizialak dioenez aire zabaleko instalazio bat da, Zoritan dagoenaren antzekoa, eta erregaia edukiontzi berezitan biltegiratuko du aire zabalean.
López de Uralde kezkatuta agertu da hain arriskutsuak diren hondakin erradioaktiboak Burgosko instalazioan metatuko direlako epe mugagabez, herritarren osasunerako eta ingurumenerako arriskutsua delako, ura, lurzorua eta atmosfera kutsatzeko arrisku potentziala kontuan izanik. “Garoñak bere jarduera bertan behera utzi du, baina hondakinek han jarraitzen dute eta noiz arte jarraituko duten ere ez dakigu. Beraz, arriskuak hor jarraitzen du. Instalazioaren eraispen-prozesuarekin, zeina gure ustez erritmo motelegian egiten ari diren, berriz ere agerian geratzen da herrialde honetan hondakin nuklearrekin daukagun arazo oso larria. Ez dakigu zer egin hondakinekin. Beharrezkoa da Eraispen Nuklearrerako Plan bat eta Hondakinak Kudeatu eta Tratatzeko Plan bat edukitzea”, ohartarazi du López de Uraldek.
Diputatuaren ustez gobernuak bideratu beharreko arazo nagusietako bat zentral nuklearrak ixteari ekiteko dirurik eza da, behin zentralen bizitza baliagarria luzatuko ez dela ziurtatu den honetan. Prozesu horiei buruzko Kongresuko Energia Batzordearen txostenak azpimarratzen du jada beharrezkoak diren lege-aldaketak bultzatzeko premia, besteak beste kostuen estimazio zuzena biltzen duen eraispen-proiektuen finantzaketa-sistema bat ezartzeko. “Hondakinekin epe luzean zer egingo den ez jakiteaz gain, nuklearren eraispen-prozesu osoa nola ordainduko den ere ez dakigu”, adierazi du diputatu berdeak, eta prozesuaren gardentasunik eza gaitzetsi du.