Bost proposamen Bilbo hiri justuagoa eta gardenagoa izateko

Udalberri Koalizioak guztira lau proposamen propio eta baterako bat defendatuko ditu osteguneko osoko bilkuran Bilbo hiri justuago eta gardenago egiteko helburuarekin. Zentzu honetan etxerik ez duten pertsonen bizitza baldintzak hobetzeko bi proposamen aurkeztu ditu.

Orain urtebete, etxerik ez duten pertsonen edo bizitegi-bazterkeriako egoeran daudenen erroldatzean sartzeko aukera bermatzea eskatu zuten. Orduko hartan ez zuten akordio eraginkorrik lortu, baina argi geratu zen interes partekatu bat zegoela erroldatze sozialaren hobekuntzan aurrera egiteko.

Lan egiteko irekitasun hori Gizarte Ekintzaren Arloaren ardura duen zinegotziaren eskutik berriz ere eskaini zen jendaurrean, joan den iraileko osoko bilkuran. Horregatik proposamen hau ekartzeko erabakia hartu du Udalberrik. Bertan, erroldatze-prozesua benetan has dadin, Udalerriari lotzeko aldia hiru hilabetetik hilabete batera murriztearen beharra azpimarratzen du. Horrez gain, bete beharreko baldintzak lehen elkarrizketatik informatu beharra zehazki ezartzea eta lan-plana erabiltzaile bakoitzaren bizi-errealitatera egokitzea eskatuko du.

Gai honi lotuta, bigarren proposamen bat defendatuko du UdalBerrik etxerik gabeko pertsonen atsedena saihesten edo zailtzen duen edozein hesi arkitektonikoekin bukatzeko. “Defendatzen duguna gune publiko malgu eta integratzailea sustatuko duen hiri- plangintzako eredua da, zeinetan pertsona bakar bat ere ez den sentituko gure hiritik kanporatua”.

Etxebizitzarako sarbiderako aukera bermatzeko alokairuko etxebizitza babestu gehiagoren beharrezkoa ikuste du koalizioak. Horretarako lurzoru publikoaren salmentari esker lortutako diru kopuruaren gutxienez %50 mota honetako etxebizitzaren parkea handitzeko eta hobetzeko bideratzea eskatuko du.

Etxebizitza Sozialaren Bilboko Behatokiaren datuen arabera, alokairuko etxebizitza babestuan egungo eskatzaileak 10.000 baino gehiago dira eta kalkulatzen da 1.800 lagun besterik izango dutela bat lortzeko aukera. “Datu hauek argi uzten dute egungo parkea ez dela nahikoa eta hori dela eta argi daukagu lehentasuna eman behar zaiola gai honi hurrengo udal-aurrekontuetan”.

Dudarik gabe, gizarte justuago horren eraikuntzan hezkuntza sistema sendo bat izatea behar beharrezkoa da. Zentzu honetan unibertsitate publikoaren babesaren garrantzia jarriko du mahi gainean koalizioak.

UdalBerrik nahi duena zera da: Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola “Unibertsitate Hiria” estrategiaren barruan elitismorik gabeko bikaintasun-ikuspegi bat txertatzea, euskal unibertsitate publikoak toki protagonista bat eduki dezan.

“Gure unibertsitate publikotik egiten den lanaren balioa nabarmendu nahi dugu, eta horregatik ezinbestekoa iruditzen zaigu kanpaina bat bultzatzea lan hori agerian jartzeko”.

Modu berean, udal gobernutik, unibertsitate publikoari lehentasuna eman behar zaiola defendatzen du koalizioak. “Baina une honetan, EAJ-PSEren gobernuak egin beharko lukeenaren justu kontrakoa egiten ari da. Horren adibide argia Zorrotzaurren ikus dezakegu, bertan gaur egun 7 hezkuntza-ekimen pribatu baitaude eta UPV-EHUk eskainitako bi ekimen besterik ez. Horregatik, nahi dugu konpromisoa har dezatela Zorrotzaurre jakintzaren oasi pribatu ez bihurtzeko, eta bertan unibertsitate publikoaren presentzia testigantza hutsezkoa ez izateko”.

Azkenik eta kontuan izanda aurreko bilkuran Udalak jasotzen dituen sarrerak zozketatzeko egindako proposamena atzera bota zutela, hiru udal-talde proposatzaileek EH Bildu, UdalBerri eta GGB gaia berriro mahaigaineratuko dute osoko bilkura honetan. Udalera heltzen diren sarreren, zein mota ezberdinetako oparien zerrenda argitaratzea eskatuko dugu, gizarte demokratiko batean ezinbestekoa den gardentasun ariketa bat aurrera eramanez”.