EQUO Berdeak alderdiak Petronor kritikatu du behin eta berriz uko egiten diolako Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteari

Muskizko findegiaren 50. urteurrena dela eta   #Petronor50

Alderdi ekologistak enpresaren etorkizuneko bideragarritasuna zalantzan jarri du azken bi urteetan enpresak izandako funtzionamendu eskasa dela-eta, etengabeko geldialdi eta gorabeherak izan baititu.

  • Alderdi berdeak planteatu du lehenik eta behin oil & gas sektorearen etorkizuna aztertzea, jasangarritasunaren eta efizientziaren alde egiten duten europar findegiek bakarrik izango dituztelako epe ertainean irekita jarraitzeko aukerak.

EQUO Berdeak alderdiak, Muskizko findegiaren 50. urteurrena dela-eta, Petronor kritikatu du behin eta berriz uko egiten diolako Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteari. Alderdi ekologistak uste du Euskadiko enpresa kutsatzaileenaren arduradunek ez lioketela uko egin behar euskal herritarrak ordezkatzen dituen erakundean agerraldia egiteko eskaerari. Aitzitik, alderdi berdeak Petronorreko arduradunei eskatzen die euskal gizartearekiko beharrezkoa den gardentasun-ariketa bat egin dezatela. Alderdi berdeak uste du ezinbestekoa eta atzeraezina dela enpresako ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izatea, eta are gehiago azken bi urte hauetan instalazioan gorabehera kopurua handia izan dela kontuan hartuta, horrek guztiak biztanleriaren artean eragin duen kezka eta egonezin gero eta handiagoarekin.

Bigarren aldiz baztertu du Petronorrek EQUO Berdeak alderdiko kide eta Elkarrekin Podemos koalizioko legebiltzarkide José Ramón Becerraren agerraldia egiteko erregistratutako eskaera. “Petronorreko presidenteari Legebiltzarrean agerraldia egiteko nire lehenengo eskaera baztertua izan zen. Ondoren, López Atxurraren gutun pertsonal bat jaso nuen, zeinean elkarrizketarako eta bateratze-lana egiteko prest zegoela adierazten baitzidan, Muskizko instalazioak bisitatzeko gonbitarekin batera, eta jarraian, bigarren eskaera erregistratu nuen, arrakastarik gabe. Eskertzen dut jarrera garden eta laguntzarako prest hori, baina gutxi balio du pribatuan bakarrik erakusten badu eta ez badu hori publikoki bermatzen, dagokion eta bidezko foroan, Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Batzordean”, adierazi du atsekabez legebiltzarkide berdeak.

EQUO Berdeak alderdiak enpresaren etorkizuneko planei buruz azalpenak espero zituen agerraldi horretan, uste baitu enpresaren beraren bideragarritasuna zalantzan dagoela azken hilabeteotako funtzionamendu eskasaren ondorioz. Programatu gabeko 11 geldialdi egiaztatu dira eta guztira 70 azken bi urteetan. Etengabeko hutsegite horiek gutxienez kezkagarriak diren arazoak erakusten dizkigute, zuzeneko eta zeharkako enpleguen artean Petronorrek ia 2.000 pertsonari ematen dielako lana. “Beharrezkoa da birmoldaketari heltzea, ahalik eta traumarik txikiena eragin dezan”, adierazi dute alderdi ekologistako kideek.

EQUO Berdeak alderdiak proposatu du epe ertain-laburrean hainbat krisi globalen eraginpean gera daitezkeen sektore jakin batzuen etorkizunaren gaineko gogoeta-prozesuan sakontzea, azken batean sektore horien birmoldaketari aurrea hartzeko. Ildo horretan, alderdi ekologistak planteatu du lehenik eta behin oil & gas sektorearen etorkizuna aztertzea, jasangarritasunaren eta efizientziaren alde egiten duten europar findegiek bakarrik izango dituztelako epe ertainean irekita jarraitzeko aukerak. Petronor da sektore horretako enpresa garrantzitsuena Euskadin.

Findegia, gainera, euskal erkidegoko enpresa kutsagarriena da. Ekologistak Martxan mugimenduaren datuen arabera, urtean 2.600.000 tona CO2 inguru emititzen ditu, hau da, Euskadiko negutegi-efektuko gasen emisio totalen % 10 baino gehiago.

EQUO Berdeak alderdiak berriz azpimarratu du Petronorren findegiari buruz Eusko Jaurlaritzak egiten duen kontrola gehitzeko premia, betiere findegiak ingurumenean eta pertsonen osasunean duen inpaktua minimizatzeko. Hori lortzeko, inplikatu eta modu koordinatuan lan egin behar dute Ekonomiaren Garapen Sailak, Osasun Sailak eta Ingurumen Sailak, azken sail horrek airearen kalitateari buruzko kontrolak muturrera eraman ditzan plantaren funtzionamendu-erregimena arrunta ez den bakoitzean, batez ere unitateen geldialdi eta abiarazteetan. “Pertsonek ingurumen osasuntsu eta osasungarri batean bizitzeko duten ezin kenduzko eskubidearen babesean huts egiten ari dira”, EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaile Erika Martinezek adierazi duenez.