- Koalizioak proiektuaren inpaktuari buruzko txosten independente bat eskatu du, eta trantsizio energetikorako duen premia eta bere bideragarritasun ekonomikoa egiaztatu arte etenik gera dadila eskatu du.
- “Euskal gizartean kezka handia dago, megazpiegitura honen kostu handiaren ondorioz faktura elektrikoa handitu egin daitekeelako. 6.800 alegazio baino gehiago aurkeztu dira”, azpimarratu du José Ramón Becerra legebiltzarkideak.
Elkarrekin Podemosek Legez Besteko Proposamen bat erregistratu du Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, eta Gatika-Cubnezais itsaspeko interkonexio elektrikoari buruzko jarrera bat hartzera behartuko du Eusko Legebiltzarra.
Munduan inoiz egin ez den itsas lurpeko zulaketa bat da, 370 kilometroko luzera duen linea elektriko bat Euskadi eta Frantziako hegoaldea itsaspeko kable baten bitartez konektatzeko. Itsaspeko azaleraren afektazioak gutxienez ere Bizkaiko Golkoa hartuko du eraginpean, Matxitxako lurmuturretik hasi eta euskal kostalde osoan zehar Frantziako itsas erdibitzaileraino. Baina proiektuaren konplexutasunik handiena Capbretoneko arroila gurutzatu beharreko tartean sortuko da, gune horren gehieneko sakontasuna 1.500 metrora iristen baita.
Ingurumen-inpaktuari beste inpaktu bat gaineratzen zaio, inpaktu ekonomikoa, alegia –gainkostuak sortzeko arrisku handia dagoelako, horrelako obra batek dakarren erronka teknikoa dela medio–. Banaketa-akordioaren arabera, Espainian elektrizitatea kontsumitzen duten pertsonak eta enpresak izango dira gainkostu horiek nagusiki jasango dituztenak. Proiektuaren kostua 1.870 milioi eurora iristen da.
Hori guztia kontuan izanik, Elkarrekin Podemosen ustez “zentzuzkoa da, zuhurtzia-printzipioa kontuan izanik” proiektua etenik geratzea zera egiaztatu arte, sistema energetikorako beharrezkoa dela, klimari eta berriztagarriei lotutako helburuetarako lagungarria dela eta ekonomikoki bideragarria dela, eta horixe eskatzen du Osoko Bilkuran eztabaidatzeko erregistratu duen Legez Besteko Proposamenean.
Koalizioak gogorarazi du euskal gizartearen zati bat Red Eléctrica Españolaren proiektuaren aurka dagoela, eta hori aurkeztu diren 6.800etik gorako alegaziotan gauzatu dela. “Euskal gizartean kezka handia dago, megazpiegitura honen kostu handiaren ondorioz faktura elektrikoa handitu egin daitekeelako. 6.800 alegazio baino gehiago aurkeztu dira”, azpimarratu du Elkarrekin Podemos koalizioko legebiltzarkide eta EQUO Berdeak taldeko kide Jose Ramon Becerrak.
Proposamenean eskatzen da itsaspeko interkonexioaren inpaktuari buruzko txosten independente bat egitea, bertan azterketa xehatu bat eginez segurtasun energetikoari egiten dion kontribuzioari, emisio-murrizketari, energia berriztagarrien sarrerari eta elektrizitatearen prezioan izan dezakeen inpaktuari dagokienez, eta era berean eskatzen da horien balorazio ekonomiko bat egitea proiektuaren kostuei eta arriskuei dagokienez. “Galdera askok gaur egun erantzunik gabe jarraitzen dute. Gaur egun txosten bakar batek ere ez du zehazki frogatzen proiektua segurtasun energetikorako, elektrizitatearen prezioen jaitsierarako edota energia berriztagarrien sarrerarako lagungarria izango denik. Izan ere, Energia Trantsizioari buruzko Adituen Batzordeak duela gutxi egindako txostenak interkonexio elektrikoei buruzko zalantza handiak adierazten ditu emisioen murrizketari dagokionez. Dokumentu horretan, gainera, azpiegitura horiek elektrizitatearen prezioa handitzeko posibilitatea zabalik uzten dute”, azpimarratu du Becerrak.
Ildo beretik, eztabaidatzeko proposamenean eskatzen da Gatika-Cubnezais interkonexioaren etorkizuna argitzen ez den bitartean Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eta euskal erakundeei eska diezaiela lurren desjabetze-lanak eta Gueñes-Itxaso goi-tentsioko linea elektrikoaren eraikuntza geldiaraztea.
Aldi berean, Unidos Podemoseko diputatu eta EQUOko kide Rosa Martínezek eskatu du Trantsizio Ekologikoko ministroak Trantsizio Ekologikoaren Batzordearen aurrean agerraldia egin dezala, joan den uztailaren 27an Lisboan izan zen interkonexio energetikoei buruzko goi-bileran Espainiak defendatu zuen proiektuaren aldeko jarreraren berri emateko eta proiektua aldi baterako etenik utzi dezan eskatzeko.