Becerrak Ingurumen sailburuaren agerraldia eskatu du, aurtengo udan Bizkaiko hondartzetan gertatu den bakterio fekalengatiko kutsadura dela medio

  • Ingurumen sailburuak, José Ramón Becerra legebiltzarkideak izapidetu duen informazio-eskaera bati erantzunez, berretsi du Sestaoko ur zikinen araztegiak egindako isurketek URAren dagokion baimena dutela.
  • “Zein kasu jotzen dira onargarritzat, gorabehera meteorologikoez gain, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak aipatu isurketa-protokoloari ekiteko, kasu honetan isurketa 30 igerileku olinpiko betetzeko adinakoa izanik?”, galdetu du Becerrak.

Elkarrekin Podemosek uste du Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren agerraldia beharrezkoa dela, uda honetan Bizkaiko zazpi hondartzatan bakterio fekalengatik zabaldu den kutsadurari eta isurketa handi horrek bainularien osasunerako izan duen arrisku nabarmenari buruzko gai batzuk argitzeko. Agerraldi-eskaera erregistratu da gertakari horiei buruzko informazio-eskaera bati emandako erantzunaren ondorioz jakin eta egiaztatu denean horrelako isurketek URA Uraren Euskal Agentziaren baimena dutela.

“Hondartza-denboraldian ezaugarri horiek dituen isurketa bat baimenduz milaka bizkaitar arrisku handi baten eraginpean jarri dituztenez, Arriola sailburuak azalpen bat zor dio Legebiltzar honi eta batez ere bete-betean eraginpean egon ziren herritarrei”, azpimarratu du EQUO Berdeak taldeko Jose Ramon Becerra legebiltzarkideak.

Becerrak, Ingurumen sailburuaren azalpenaz gain, beste ekimen batzuk erregistratu ditu, ekainaren 3an eta 4an Sestaoko Ur Zikinen Araztegitik Ibaizabalera egin zen araztu gabeko ur zikinen ia 70 m3ko isurketei buruzko informazio gehiago lortzeko. Isurketak ­beste hainbat isurketek bezala, Ingurumen Sailaren erantzunak adierazten duenez­ URAren baimena zuela berretsi ondoren, legebiltzarkideak galdetu du zein kasu jotzen diren onargarritzat, gorabehera meteorologikoez gain, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak aipatu isurketa-protokoloari ekiteko, kasu honetan isurketa 30 igerileku olinpiko betetzeko adinakoa izanik.

José Ramón Becerrak, era berean, adierazi du kezkatuta dagoela Osasun Sailak izan duen jarrerarekin, eta galdetzen dio ea Ingurumen Sailak ez dion bere iritzia eskatzen ezaugarri horiek dituen isurketa bat baimendu baino lehen. Legebiltzarkide berdeak, era berean, isurketa horien arrisku sanitarioa baloratzeko egiten diren protokolo eta ebaluazioei buruz galdetzen dio Darponen sailari.