Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta EQUO Berdeak alderdiko kide José Ramón Becerrak egindako galderei Gobernuak eskainitako erantzunaren bitartez onddo-izurri batek pinu-sailei zenbaterainoko kaltea eragin dien jakin ondoren, alderdi ekologistak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio pinuen gaixotasunaren kudeaketan dagokion erantzukizuna eta lidergoa bere gain har dezala.
Gobernuak eskainitako datuen arabera, Euskadiko intsinis pinu sailen bi heren kaltetuta daude. Hiru pinutik bat moztu egin beharko da. Tolosaldeko eta Donostialdeko datuak dira kezkagarrienak.
Eta gaixotasun horren hedapenak berekin dakartzan ondorioak larriak dira benetan. Baso-masaren galerak ingurumenean eta ekonomian izango du eragina. Herrialde-mailako arazoa da, eta horregatik Eusko Jaurlaritzak erantzukizuna bere gain hartu behar du Foru Aldundien gain utzi beharrean, legebiltzarrean emandako erantzunetan ez baitu zehaztu zer koordinazio-neurri hartzen ari den izurri horri aurre egiteko. “Aldundi bakoitzak, erakunde bakoitzak bere kasa diharduela ematen du, eta horrelako tamaina hartu duen arazo baten aurrean, baso- eta zur-sektoreak “hondamenditzat” ere jo dutena, Jaurlaritzak hartu behar du bere gain administrazioen arteko koordinazioa gidatzeko ardura” adierazi du José Ramón Becerrak.
Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta EQUO Berdeak alderdiko kide denak Ekonomiaren Garapeneko sailburuarentzako eta Ingurumeneko sailburuarentzako interpelazioak erregistratuko ditu, beren sailak arazo hau nola kudeatzen ari diren azal dezaten.
Alderdi ekologistak baso-politikaren eredu berri bat aldarrikatzen jarraitu nahi du, ingurumenari kalte txikiagoa eragingo diona. Hazkunde mantsoko eta autoktonoak diren espezie nobleak –gaztainondoa, haritza, pagoa, gereziondoa– progresiboki ezartzearen aldeko apustua egiten du EQUO Berdeak alderdiak, epe ertainera eta luzera balio erantsi eta aberastasun handiagoa dakarten heinean.