- Egungo egoeraren diagnostiko serio eta partekatua egin behar da, eta Arabako industriaren eraldaketa ekologikorako oinarriak ezarri.
- Oscar Fernandezek euskal administrazioa industriaren etorkizunarengatik inoiz ere ez kezkatu izana kritikatu du, nahiz eta administrazioek ezagutzen dituzten gainera datozkigun aldaketa sozial eta ingurumen-aldaketak.
IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) udal-taldeak eskaera bat erregistratu du gaur udalerrian industria-sektoreak duen etorkizuna landuko duen ponentzia baterako deialdia egiteko, batez ere automobilaren esparruari dagokionez. Udalak sektore horren etorkizuna modu serio eta partaidetuan azter dezala nahi du IU eta EQUO Berdeak alderdien ekimenak, sektorearen eraldaketa jasangarria eta ordenatua izan dadin, ibilgailuen fabrikazioak Gasteizko ekonomian duen pisu industriala funtsezkoa baita hiriari eusteko.
Industriak, gizartearen gainerako arloek bezala, arlo sozial eta ingurumen-arloan hartutako konpromiso berrietara egokitzea ahalbidetzen duen trantsizio ekologiko baten erronkari egin behar dio aurre. Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuek (GIH 2030) eta Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordioak ikuspegi berri bat ematen dute gure udalerriko garapen industrialari buruz, helburu horiek bultzatzen dituzten jarduerak lehenetsita, lehiakortasuna gehituz industria-sektore berdeen garapenaren bidez, eta berrikuntzan eta garapen teknologikoan espezializatuta.
IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) taldeak kritikatu egin du administrazioak –ez egungoak, EAJ buru dutela, ez aurrekoak– ez direla ezertxo ere kezkatu industriaren eta sortutako enpleguen etorkizunarengatik. Ekimen ekologistarentzat, jarrera pasibo hori akats larria da, administrazio publikoen lana baita epe ertain eta luzerako estrategiak garatzea herritarren ongizatea ziurtatuta.
Azterlan ugarik jada adierazten dutenez, automobilaren industriak errotik aldatu beharko du ibilgailuak egiteko modua, GIH 2030 helburuak eta Parisko Klimari buruzko Akordioa betetzeko. Aldaketa hori Gasteizen aprobetxatu behar dugu ekonomia zirkularraren printzipioak ezartzeko eta ibilgailu elektrikoan eta car sharing (auto partekatua) figuran oinarritutako mugikortasun berri bat garatzeko. Hiria abangoardia teknologiko eta industrialean kokatzeko aukera gisa aurkezten da eraldaketa hori. Baina eraldaketa ezin liteke enpresen eskutik etorri soilik, eta administrazioek industria-politika berdeekin erraztu behar dute eraldaketa, epe ertain eta luzera pentsatutako politikekin.
“Udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak epe ertain-luzera pentsatzen hasteko garaia dute jada, eta, horrekin batera, enplegua mantentzea ahalbidetuko duen eta dauzkagun konpromiso sozial eta klimatikoak beteko dituen industriaren trantsizio ekologikorako estrategia bat ezartzeko”, adierazi du Oscar Fernandezek. “Horregatik, IRABAZIn uste dugu ezin dugula denbora gehiago galdu eta lanean hasi behar dugula, administrazio publiko garenez, enpresekin eta herritarrekin batera, etorkizuneko Gasteiz eraldaketa industrial berdearen eredu bat izan dadin”, esan du amaitzeko IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) koalizioko zinegotziak.