Gobernuari Euskadirekin konpromisoak har ditzala eskatzen diogu

  • Unidos Podemoseko diputatu eta EQUO Berdeak alderdiko kide Rosa Martínezek eta Nagua Alba alderdikideak Legez Besteko Proposamen bat erregistratu dute Espainiako Gobernuak jendaurrean har dezan Autonomia Estatutua gehienez ere 12 hilabeteko epean oso-osorik betetzeko konpromisoa.
  • Horrez gain, Pasaiako Portuaren egoerari, Bilbo-Santander trenbideari eta Irungo mugako migratzaileen joan-etorriei buruzko hainbat galdera ere erregistratu dituzte. Eta gainera, Trantsizio Energetikoko ministroaren agerraldia ere eskatu dute.

Unidos Podemoseko diputatuek hainbat ekimen aurkeztu dituzte Kongresuan, Sánchezen Gobernuak Euskadiren aldeko konpromisoa har dezala eskatzeko.

Hala, euskal ordezkariek Legez Besteko Proposamen bat erregistratu dute Espainiako Gobernuari eskatzeko bere gain har dezala 1979ko Autonomia Estatutua oso-osorik betetzeko euskal gizartearekin daukan konpromisoa, eta, ildo horretan, euskal erakundeen esku utzi ditzala transferitu gabe dauden eskumenak, gehienez ere 12 hilabeteko epean. Zehaztu dutenez, “konpromiso hori ez da oztopo izango Eusko Legebiltzarrak bere autogobernua eguneratzeko lanean jarrai dezan, eta, beraz, Estatutu berri bat egin dezan, horretarako indarrean dauden legezko prozedurei jarraikiz”.

Koalizio aurrerakoiaren diputatuen ustetan, “Euskadiko oinarrizko arau instituzionala oso-osorik betetzea ezin daiteke gehiago atzeratu. Areago oraindik ildo horretan hainbat akordio eta konpromiso hartu direla aintzat hartuta”.

Bestetik, Albak eta Martínezek hainbat galdera erregistratu dituzte Irungo muga zeharkatzeko ahaleginetan ari diren migratzaileei dagokienez, 2017an eta 2018ko urtarriletik irailera bitarte egindako pertsona-itzulketei buruzko datuak biltzeko asmoarekin, itzulketa horiek motaren, prozeduraren eta epearen arabera sailkatuta. Eta 2017. urtean eta 2018ko urtarriletik irailera bitarte Euskadin zenbat asilo-eskaera egin diren ere jakin nahi dute, errefuxiatuak babesteko Estatuko programetara zenbat pertsona bildu diren zehaztuta.

Albak eta Martinezek eskatu dituzte, halaber, Pasaiako Portuko salgaien trafikoaren bilakaerari buruzko dokumentuak. Unidos Podemoseko diputatuek Gobernuari galdetu diote Arcelor Mittal-en Zumarragako planta itxi ondoren 2015-2025 Portuko plan estrategikoak indarrean jarraitzen ote duen, bereziki produktu ez-kutsatzaileetarantz dibertsifikatzeko estrategia bat jasotzen duena, baita dibertsifikazio horretarako behar diren hainbat azpiegitura ere.

Gainera, gorabeheren zerrenda bat eskatu dute, Bilbo-Santander (FEVE) trenbideak 2017ko urtarriletik 2018ko uztailera bitarte izan dituen atzerapen eta bertan behera uzteei eta haien arrazoiei dagokienez.

Eta azkenik, Trantsizio Ekologikoko ministroak Trantsizio Ekologikoaren Batzordearen aurrean agerraldia egin dezala eskatu dute, joan den uztailaren 27an Lisboan izan zen interkonexio energetikoei buruzko goi-bileran Espainiak defendatu zuen jarreraren berri eman dezan.