- “Etxebizitzaren krisian erabat murgilduta egonik, ulertezina da gobernuak etxebizitzak turismo-alojamendu bihurtzeko baimena ematea, hori ez da interes orokorra defendatzea”
Irabazi Donostia udal-taldeko (Ezker Anitza-IUk, EQUO Berdeak eta independenteek osatutako plataforma da) Loïc Alejandro eta Amaia Martín zinegotzien ustez EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuak “kontrola galdu du” hirian hotelak ugaritzeari dagokionez.
Hondarribia eta San Martin kaleek egiten duten izkinan beste hotel bat egiteko proiektua ezagutu dutenean egin dituzte adierazpen horiek zinegotziek, bi atari 50 gela izango dituen hotel-establezimendu bihurtuz. “Etxebizitzaren krisian erabat murgilduta egonik, ulertezina da gobernuak etxebizitzak turismo-alojamendu bihurtzeko baimena ematea, hori ez da interes orokorra defendatzea”, kritikatu dute.
Idealista izeneko atariaren txostenak adierazten du 2018ko bigarren seihilekoan Estatu osoan alokairuaren prezioa gehien igo den hiria Donostia dela (% 20,8). “Etxebizitzen desagerpena, hotel honen kasuan bezala, alokairuaren prezioaren igoerari zuzenean lotuta dago” adierazi zuen Alejandrok.
Turismo-alojamenduei buruzko kritikarik gehienak etxebizitza turistikoei eta haien erregulazioari lotuta egon dira, “baina hotelen proiektuetarako barra libreak jarraitzen du, eta hotelen ugaritzea arazo garrantzitsu bat sortzen ari da. Hotel berri horrekin, dozenaka etxebizitza alokairuaren merkatutik ateratzen dira behin betiko”, gogorarazi dute.
Plan Orokorraren arabera, bizitegi-erabilerarako lurzatiak lehentasunez etxebizitza-erabilerara bideratzen dira. Lurzati horietan, bizitegiz besterako erabilerak ezartzeko ezinbesteko baldintza izango da bizitegi-erabilera nagusiarekin bateragarria izatea. “Bizitegitarako etxebizitza da lehentasuna, eta beste edozein erabilera haren garapenerako kaltegarria bada, ez da baimendu behar. Baina Gobernuari gehiago interesatzen zaio hotel gehiago izatea etxebizitza gehiago izatea baino, eta joera horrek herritarrengan dituen ondorioak ikusten ari gara” gaineratu zuen Alejandrok