Pinuaren “zerrenda marroiaren” kudeaketan Eusko Jaurlaritza izaten ari den papera zalantzan jartzen dugu

  • Elkarrekin Podemosen bidez Ekonomiaren Garapen Sailari galdetu diogu neurri legalak edo administratiboak hartuko ote dituen kaltea izan duten pinu-sailen ordez eukalipto-sail berriak jartzea saihesteko

Elkarrekin Podemosek EQUO Berdeak koalizioan duen legebiltzarkide José Ramón Becerraren bidez erregistratu du galdera sorta bat Euskadiko intsinis edo radiata pinuaren baso-sailetan “zerrenda marroiaren” edo “zerrenda gorriaren” gaixotasunaren aurka borrokatzeko Eusko Jaurlaritza bere gain hartzen ari den paperari buruz.

Koalizioak jakin nahi du exekutiboa administrazioen arteko koordinazioa zuzentzen ari ote den edo, aitzitik, erakunde bakoitzak bere aldetik jarduten ote duen lurralde bakoitzean gaixotasunaren propagazioari aurre egiteko, baso- eta egur-sektoretik hurbil dauden iturriek “hekatonbea” dela esan baitute jada.

Izurriaren sintomak argi ikusten dira Gipuzkoako basoen zati handi batean, lurralde horretakoak baitira kalte handiena jaso dutenak, atzetik Bizkaia eta neurri zertxobait txikiagoan Araba daudelarik. ‘Mycosphaerella dearnessii’ eta ‘Mycosphaerella pini’ onddoek eragiten dute gaitza, azikulak goizegi erortzea eraginez. Koaliziotik frogatzeko moduko datuak eskatzen dira pinu intsinis edo radiata sailen benetako afektazio-mailari buruz, eta galdetzen dute ba ote dagoen edo agindu ote den azterlan espezifikorik zifra horiek lurraldeen arabera jasotzeko.

Gaixotasuna eragiten duten onddoek berrogei urtetik gora daramatzate Euskadin, nahiz eta uda honetan orain arte ez bezalako eklosio bat gertatu den. Zuhaitzak oso erasanda daudenean, moztea gomendatzen dute adituek, eta nolabaiteko alarma ari da eragiten hori sektorean inausketa goiztiarra izaten denean neurri drastiko horrek dakartzan galera ekonomikoengatik. Arrisku horiek saihesteko, beste espezie batzuen sail berrien alde egiten ari dira jabeak.

Jokabide hori dela-eta, José Ramón Becerrak Ekonomiaren Garapen Sailari galdetzen dio neurri legal edo administratiboak hartuko ote diren kaltea jasandako pinuen ordez eukalipto-sailak jartzeko aukera zailtzeko. “Elkarrekin Podemosen uste dugu neurriak ez dutela baso-politikaren eredu hau iraunarazi behar, baizik eta ingurumenarekiko hain agresiboa ez den beste bat garatu. Hazkunde bizkorreko espeziek, bereziki eukaliptoak, lurzoruaren emankortasuna agortzen dute eta lurzoruaren higadura ahalbidetzen dute. Hazkunde mantsoko eta autoktonoak diren espezie nobleak –gaztainondoak, haritza, pagoa, gereziondoa– progresiboki ezartzearen aldeko apustua egiten dugu”.

Ildo horretan, eta Becerrak bere idazkian galdetzen duenez, “zuhaitz-espezien arteko onddo eta gaixotasunen ugaritzean klima-aldaketa izaten ari den ondorioak kontuan izanda, aztertu beharko litzateke egokia den ala ez euskal mendietan pinuaren, eukaliptoaren edo antzeko espezie ez-autoktonoen hazkuntza sustatzen jarraitzea, espezie horien errentagarritasun ekonomikoa gero eta eskasagoa baita.”