Ingurumenarekin zein lanarekin lotutako arriskuen ebaluazioan portuetan dagoen koordinaziorik eza salatzen dugu

Elkarrekin Podemos koalizioko legebiltzarkide eta EQUO Berdeak taldeko kide Jose Ramon Becerrak salatu egin ditu bere ustez zenbait puntutan portuei buruzko euskal legean dauden “hutsuneak”, hala nola arriskuen ebaluazioan, eta ohartarazi du Pasaiako portuaren transferentzia eginez gero legedia aldatu egin beharko dela.

Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, ostegunean Pasaiako portuan gertatutako ibilgailu trinkotuko txatarraren sutea aipatu du koalizio barruko EQUO Berdeak taldeko ordezkariak, kontrolatu ahal izateko zenbait orduko lana eskatu zuen sutea, alegia.

Euskal portuetan, Pasaia barne, deskargatzen diren salgai arriskutsuen kudeaketaren atzean dagoen “kontrolik eza” kritikatu ondoren, ohartarazi du su hartutako txatarra ez dela material “normala”, eta ibilgailuen txatarra denez, gasolioarekin eta olioekin kutsatua dagoela, eta, hori horrela, “haien konbustioak arazoak eragiten ditu”.

Ildo horretan, salatu egin du portuetan dagoen “koordinaziorik eza” arriskuak “ebaluatzeko” garaian, bai ingurumen-arloko arriskuak bai azpiegiturako langileenak berenak.

Horrela, ohartarazi duenez, portuei buruzko legea izapidetu zenean –Eusko Legebiltzarrak ekainean onartu zuen–, portu-agintaritzek koordinazioko eta arriskuen ebaluazioko lanak egiteko hainbat neurri sartzea proposatu zuen Elkarrekin Podemosek, eta puntu hori baztertu egin zuen azkenean EAJk eta PSEk osatutako gobernu-taldeak, PPrekin batera.

Ildo horretan, azpimarratu du euskal portu guztiak, eta ez Pasaia soilik, eraginpean hartzen dituen gabezia dela, eta, hori horrela, beharrezkoa litzatekeela egungo euskal legearekin garatu ezin den “prebentzio-lan” bat egitea.

“Legea hutsune batzuekin ateratzen zela aurrera agerian utzi genuen guk, eta gustatuko litzaiguke, etorkizunari begira, Pasaiako portuko edo Bilboko portuko konpetentzia transferitzen bada, ez daitezela tratatuak izan kirol- edo arrantza-portu txikiak bezala”, gaineratu du.

Horregatik, eta azkenean Pedro Sánchezen gobernuak konpetentzia transferitzen badu, defendatu du euskal legea “erreformatu” egin behar dela, koordinazio-zereginak indartzeko tresnak izateko helburuarekin. “Portu hori egunen batean transferitzen bada, egungo euskal legeak ez dizkio atribuzio espresuak ematen portu-agintaritzari babes zibileko arriskuen ebaluazioaren gaian, eta agintaritzak autoritatea behar du puntu horretan”, adierazi du amaitzeko.