- EQUOko kobozeramaile eta Unidos Podemoseko diputatuak galdera-sorta bat erregistratu du arraste-sare pelagikoa erabiltzen duten Frantziako eta Irlandako itsasontziek Kantauriko portuetan egiten dituzten deskargen baimenari eta kontrolari buruz.
- Teknika horrek kalteak eragiten dituela ohartarazi du Juantxo López de Uraldek, itsas baliabideak ahultzen dituelako eta beharrezkoak diren arrantzatze artisau eta jasangarrien etorkizuna arriskuan jartzen duelako.
EQUOko kobozeramaile eta Unidos Podemoseko diputatu Juantxo López de Uraldek galdera-sorta bat erregistratu du Kongresuan, Kantauri itsasoan hegaluzeak arrantzatzen dituzten arrantzaleen kezka eta zalantzen berri izan ostean; izan ere, arrantzaleak kezkatuta daude aurtengo kanpainan itsasontzi pelagikoak eta irlandarrak sartu direlako Kantaurialdean.
Arraste-sare pelagikoa erabiltzen duten itsasontzi horiek Kantauriko portuetan egindako deskargen baimen eta kontrolari buruz galdetu dio diputatuak Gobernuari, baimen hori nork ematen duen jakiteko asmoz. “Jakin badakigu sare horiekin harrapatutako arrainak Espainiako portuetan deskargatu direla hainbat aldiz. Horrek nahasmena eragin dezake saltzen den hegaluzea arrantzatzeko metodoari dagokionez”, adierazi du López de Uraldek.
Era berean, alderdi berdearen kobozeramaileak jakin nahi du ea Gobernuak neurririk hartuko ote duen Kantauri itsasoan arraste-sare pelagikoa erabil ez dadin, eta ea aparailu horiek debekatzea eskatuko ote duen Europar Batasunean.
Arrantzarako aparailu horiek erabiltzeak ondorio oso larriak eragiten dituela ohartarazi du López de Uraldek, itsas baliabideen eta, bereziki, espezie jakin batzuen biziraupenari dagokionez. “Ezinbestekoa da espezieen kontserbazioa eta ugalketa bermatzea, baita arrantzategiei eustea ere. Itsasontzi pelagiko handiak itsasoa agortzen ari dira, eta hori egiteari utzi behar diogu”.
Diputatu berdearen ustez, arrantza-sektoreak etorkizuna izango badu, arrantza jasangarriari bultzada irmoa eman behar zaio eta laguntza ekonomikoak artisau erako arrantzatzeetara bideratu behar dira. Horregatik, arrantza jasangarria eta, beraz, baxurako edo itsasbazterreko artisau erako arrantza-ontziak sustatzeko zer plan dituen galdetu dio Gobernuari.