- “Proiektu hori adierazgarri txiki bat baino ez da, sustatzaileen benetako asmoaren adierazgarri txiki bat, betiere EAJ-PSEren baimenarekin: Araba Texas bihurtzea” ohartarazi dute alderdi berdetik
Armentia-2 gas-putzuaren proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Azterketa argitaratu da eta proiektua bideragarritzat jo da; horren aurrean, EQUO Berdeak alderdiak alegazioak erregistratu ditu gaur goizean, Arabak duen ingurumen-mehatxu larrienetako bat geldiaraztea lortzeko asmoz.
Alderdi berdearen ustez, proiektu hori “adierazgarri txiki bat baino ez da, sustatzaileen benetako asmoaren adierazgarri txiki bat, betiere EAJ-PSEren baimenarekin: Araba Texas bihurtzea”. Subijanaren proiektuan putzu bakarra aurkeztu dute orain, baina gas-meategi guztia ustiatzea dute xede eta, hortaz, garapen osoa hartu behar da kontuan: meategi osoan ehunka putzu eraikiko dira eta horrek hainbat baldintzatzaile ekarriko ditu. “Soilik putzu baten izapideak egitea iruzur egitea da, eta legean ez da horrelakorik onartzen” gogorarazi dute alderdi berdetik.
EQUO Berdeak alderdiaren ustez, ingurumen-inpaktuaren azterketa “gas-industriaren neurrira egindako menua da”. Helburu bakarrari jarraitzen dio: landa-eremua industrializatzea, eta nekazaritzak eta landa-inguruneak gizarteari eskaintzen dizkioten balioak baztertuta geratzen dira, baita eredu deskarbonizatu bateranzko trantsizio energetikoa ere.
EQUO Berdeak alderdiak behin eta berriro aipatu du Euskadiko energia-estrategian aldaketa irmo eta erreala egin behar dela, giza baliabide eta diru askoz ere gehiago bideratu behar dela energia-eredu berriztagarri bat garatzera, eta hidrokarburoak arakatzeko asmo oro bertan behera utzi behar dela. Erregai fosilak arakatzeko garaia amaitu da, iragana da. “Eusko Jaurlaritza klima-aldaketari aurre egiteko bere akordio eta estrategia guztiak urratzen ari da, gas-erauzketaren alde egiten ari baita oraindik eta herritarren borondateari entzungor egiten baitio; izan ere, herritarrak oso sentsibilizatuta daude klima-aldaketaren aurkako borrokarekin”.