- Ikuskizun horiek ez dira biltzen Zezen Ikuskizunei buruzko Araudian, eta ez dute betetzen Animaliak Babesteari eta Edukitzeari Buruzko Udal Ordenantza.
EQUO Berdeak alderdi berdeak zera eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, Blusen eta Nesken eguna dela eta, bihar Iradier Arenan aurreikusi den bigantxa-ikuskizuna bertan behera utz dezala, legez kontrakoa delako. Ikuskizun hori ez dago bilduta EAEko legedian, eta ez du betetzen Animaliak Babesteari eta Edukitzeari Buruzko Udal Ordenantza. Halaber, abuztuaren 7rako aurreikusi den “Bigantxak haurrentzako” ikuskizuna ere ez da legezkoa, IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) alderdiko bozeramaile Oscar Fernández zinegotzi berdeak salatu duenez.
Enpresa esleipendunaren memoriaren arabera, “Super Grand Prix” jardueran hainbat oztopo-proba jokatuko dira, zekor eta guzti, eta parte-hartzaileek oztopoak gainditu beharko dituzte, zekorrak harrapatu gabe; alabaina, animaliak kolpeak hartzen ditu eta erori egiten da, behin eta berriro. Ikuskizun horrek Eusko Jaurlaritzaren Zezen Ikuskizunei buruzko Araudia urratzen du; Araudi horretan xedatzen eta zehazten da zezen-ikuskizun guztiek nolakoak izan behar duten. Ikuskizun horietan ez da sartzen “Grand Prix” jokoa; honako ikuskizun hauek soilik egin daitezke: entzierroak, zezenketak, sokamuturrak, zezenketa komikoa, urkadunak, zezenketa euskal-landatarrak, errekortegile-lehiaketak, txuliaketak eta emeen probaketa publikoak.
Era berean, plazako harean kokatzen diren oztopoekin animaliak kolpeak hartzen dituela ere nabarmendu behar da, eta Araudiaren 92. artikuluaren arabera, debekatuta dago abelburuei kolpeak edo tratu txarrak ematea. Horren osagarri, EQUO Berdeak alderdiak gogorarazi du AVATMA elkarteak –523 albaitari biltzen dituen elkartea da– egindako txosten batean tratu txartzat jotzen zela horrelako ikuskizunetan zekorrak erabiltzea, eta udalerrietan horrelako ikuskizunak egiteko baimenik ez ematea eskatu zuela.
Horretaz gain, Araudiaren 1.1 artikuluan xedatzen denez, Araudian ezarritakotik at, ezingo da jolas-jarduera edo zezen-ikuskizunik garatu. Hortaz, beste zezen-ikuskizun guztiak Arauditik eta legezkotasunetik kanpo geratzen dira, baita programan agertzen diren “Super Grand Prix” eta “Bigantxak haurrentzat” ikuskizunak ere. Baldin eta enpresak argudiatuko balu ez dela zezen-ikuskizuna zekorrek 60 kilogramo baino gutxiago pisatzen dutelako (dokumentazioan ez da horrelakorik adierazi), kasu horretan Animaliak Babesteari eta Edukitzeari Buruzko Udal Ordenantza aplikatu beharko litzateke eta, 8. artikuluaren arabera, honako hauek debekatuta daude: animaliei mina ematea, ekintza krudelak burutzea berekin eta tratu txarrak ematea, baita etxekotutako animaliak eta gatibu dauden basabereak zirku eta ikuskizunetan erabiltzea ere. AVATMA elkarteko albaitarien txostenean frogatuta geratu da horrelako ikuskizunetan zekorrei tratu txarrak ematen zaizkiela eta, beraz, Udalak ezin ditu baimendu, Ordenantzan jasotakoari jarraikiz; izan ere, Ordenantza horixe bera aplikatuta ezeztatu baititu asto-lasterketa edo hegazti harraparien erakustaldia Erdi Aroko azokan.
Azkenik, alderdi berdeak Eusko Jaurlaritzan salatu duenez, aurreko urteetan, abelburuak motordun ibilgailu batetik, quad batetik, toreatu ziren, eta hori animaliarentzat oso arriskutsua izateaz gain, Zezen Ikuskizunei buruzko Araudia urratzen du