Rosa Martínezek Trantsizio Ekologikoko ministroari Gatika-Cubnezais itsaspeko interkonexio elektrikorako proiektua eteteko eskatu dio

  • Unidos Podemos koalizioko EQUO taldeko diputatuaren ustez “zentzuzkoa da zuhurtasun-printzipioa errespetatzeko xedez” proiektua etenda gera dadila, energia-sistemarako beharrezkoa dela, klimari eta energia berriztagarriei lotutako helburuak betetzen laguntzen duela eta ekonomikoki bideragarria dela frogatzen den arte.
  • “Proiektuak teknologikoki nahiz energetikoki porrot egiteko probabilitatea handia da. Zulo ekonomikoa utziko liguke, Castor proiektuarekin edo El Museleko birgasifikazio-instalazioareki n gertatu zen bezala”, ohartarazi du Martínezek.

Unidos Podemos koalizioko EQUO taldeko diputatu Rosa Martínezek Trantsizio Ekologikoko batzordean aztertu beharreko legez besteko proposamen bat erregistratu du, Red Eléctrica Españolaren Gatika – Cubnezais itsaspeko interkonexiorako proiektuaren premiari eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko eztabaida berriz ere irekitzeko.

Martínezek hainbat informazio-eskaera egin zizkion, behin eta berriz, aurreko Gobernuko Energia Ministerioari, baina ez zuen arrakastarik izan. Gaur egun, oraindik ere, proiektua segurtasun energetikorako, elektrizitatearen prezio-jaitsierarako edota energia berriztagarrien sarrerarako lagungarria dela zehatz-mehatz frogatzen duen txostenik ez dago. Izan ere, Trantsizio Energetikoari buruzko Adituen Batzordearen azken txostenak zalantza asko azaltzen ditu interkonexio elektrikoei buruz, ez daudelako ziur emisio-murrizketan laguntzen ote duen. Dokumentu horretan, gainera, azpiegitura horiek elektrizitatearen prezioa igo dezaketela adierazten dute.

Zalantza horiei guztiei, interkonexioarekiko errezeloa areagotzen duten beste arrazoi batzuk gaineratzen zaizkie. Alde batetik, ingurumen-inpaktu handia. Itsaspeko zulaketa horrek ez du parekorik munduan. Eraginpean hartuko duen itsas-azalerak, gutxienez, Bizkaiko Golkoa hartzen du barnean, Matxitxako lurmuturretik euskal kostalde osoa zeharkatuz eta Frantziarekiko itsas-erdibitzailera iritsiz. Baina proiektuaren konplexutasunik handiena Capbretongo Arroila gurutzatzea eskatuko duen tartean sortuko da, inguru horretan gehieneko sakontasuna 1.500 metrora iristen delako.

Bestalde, erronka teknikoaren ondorioz gainkostuak sortzeko arriskua handia da, eta banaketa-akordioaren arabera, Espainian elektrizitatea kontsumitzen duten pertsona eta enpresek egin beharko diete aurre neurri handi batean. Proiektuaren kostua 1.870 milioi euro da. “Proiektuak teknologikoki nahiz energetikoki porrot egiteko probabilitatea handia da. Zulo ekonomikoa utziko liguke, Castor proiektuarekin edo El Museleko birgasifikazio-instalazioareki n gertatu zen bezala”, ohartarazi du Martínezek.

Diputatuak gainera gogorarazi du euskal gizartearen zati bat proiektuaren aurka dagoela eta horren ondorioz 6.800 alegazio baino gehiago aurkeztu direla, bertan zalantzan jarriz interkonexio gehiago egiteko premia ote dagoen.

Hori guztia kontuan izanik, diputatuaren ustez “zentzuzkoa da zuhurtasun-printzipioa errespetatzeko xedez” proiektua etenda gera dadila, energia-sistemarako beharrezkoa dela, klimari eta energia berriztagarriei lotutako helburuak betetzen laguntzen duela eta ekonomikoki bideragarria dela frogatzen den arte. “Guztiz beharrezkoa da megazpiegitura elektriko horri buruzko eztabaida berriz irekitzea, haren eraikuntza saihesteko garaiz gaudelako oraindik. Ribera ministroaren erantzukizun-zentzua eta kostu handiko azpiegiturei dagokienez zorrotzagoak eta murriztaileagoak izan beharrari buruz egindako adierazpenak aldarrikatzen ditugu. Espero dugu Energiaren eta Ingurumenaren arloak Ministerio bakar batean elkartzeko ideia onak politika koherenteak ekartzea azpiegitura energetikoen politikari dagokionez”, adierazi du Rosa Martínezek.

Legez Besteko Proposamenean, gainera, Bizkaiko Golkoaren bitartez Frantziarekiko itsaspeko interkonexioaren inpaktuari buruzko txosten independente bat egitea eskatzen da, segurtasun energetikoari, emisio-murrizketari, energia berriztagarrien sarrerari eta elektrizitatearen prezioarekiko inpaktuari dagokionez azterlan xehatu bat gaineratuz, eta proiektuaren kostuei eta arriskuei dagokienez gai horiek izan dezaketen balioespen ekonomiko bat eginez.