- PSE-EEri eta Miguel de los Toyos alkateari eskatzen diegu animaliak erabiltzen diren programatutako ekitaldi guztiak bertan behera utz ditzatela, eta hartutako konpromisoa bete dezatela eta Eibarko neska-mutilei animalien aurkako tratu txarrak dibertimendu gisa inoiz gehiago ez eskaintzea.
2016an nobillada bat eta zezen bolaztatuak programatu ziren Eibarren. PSE-EEren udal-gobernuaren asmoa zen 45.000 € baino gehiago zezen-plaza egokitzeko bideratzea, hiru egunez zezenketa-ikuskizunak egiteko. Aurrekontuetan Eibarko emakume-elkarte guztien jarduerei laguntzeko 10.000 € bideratzen ziren bitartean, PSE-EEk 45.000 € baino gehiago gastatu nahi zituen hiru egunetan zezenketa-ikuskizunak egiteko.
Animalien aurkako tratu txarretara bideratutako diru publikoaren eskandaluzko xahutze horren aurrean, nobillada bertan behera uztea lortu zen, baina zezen bolaztatuak (bigantxak) egin zituzten. Urte hartan, sortu zen polemika zela medio, Eibarko Udalak debate bat irekitzeko konpromisoa hartu zuen, hirian animaliak erabiltzen zituzten jarduerak baimendu ala ez eztabaidatzeko. Erdibideko mozio bat adostu zen, udal-talde guztiek sinatu zutena, bertan konpromisoa hartuz animaliak babestu eta edukitzeari buruzko ordenantza berri bat egiteko, non Udalaren posizioa adieraziko zen hirian animaliak erabiliz garatzen ziren jarduerei eta jai publikoetan eragindako balizko tratu txarrari buruz.
2017an ez zen zezenketa-ikuskizunik egin, baina aurten, PSE-EEren udal-gobernuak, gainerako talde politikoei kontsultatu gabe eta Kultura batzordean eztabaidatu gabe, berriz ere animalien aurkako tratu txarrak inposatzen ditu dibertimendu gisa, zezen bolaztatuak berriz ere programan sartuz 6.000 eurotik gorako gastuarekin.
PSE-EEren udal-gobernuak, bestalde, promes egin bazuen ere, ez du idatzi animaliak babestu eta edukitzeko ordenantza berria: talde politikoek bi urte daramatzate ordenantza hori adosteko zain. Bere garaian ordenantza hori landu eta onartu izan balitz, seguru aski joan zen asteburuan Amañan haurrentzat izan ziren poniak aurreztuko genituzke, 600 euro kostatu baitzaizkigu.
Bideo bat ikusi ahal izan dugu eta bertan ikus daiteke poniekin jarduterakoan antolaketarik ez zela izan. Pertsona talde bat poni gutxi batzuk inguratuz, txikienak haien gainean binaka jartzeko, edo poni bakar batek tira egiten zion gurdi batean launaka igota. Ikus daiteke haurrentzat segurtasunik ez dagoela, jendea hesiaren bi aldeetan dagoela, eta animalientzako ere estutasun-egoera dela, jendearen hurbiltasuna, beroa, zarata eta abar kontuan izanik, eta are gehiago euren natura-ingurunea ez den toki batean daudela ikusiz.
Horregatik guztiagatik, PSE-EEri eta Miguel de los Toyos alkateari eskatzen diegu animaliak erabiltzen diren programatutako ekitaldi guztiak bertan behera utz ditzatela, eta hartutako konpromisoa bete dezatela eta Eibarko neska-mutilei animalien aurkako tratu txarrak dibertimendu gisa inoiz gehiago ez eskaintzea.