Txosten tekniko batek saihestu egin du Bergarako Udalak bere gain hartzea herria txakur kaketatik garbi mantentzeko erantzukizuna

2018.06.29an El Diario Vasco egunkarian argitaratutako ohar batek EAJk eta PSEk osatutako Bergarako udal-gobernuak deklarazio instituzional baten berri ematen du, non IRABAZI koalizioko zinegotzi Aiert Lizarralderi aurpegiratzen zaion udal-teknikarien profesionaltasuna zalantzan jarri izana. 2018.06.25eko ohiko osoko bilkura batean sortutako eztabaida garratza dago horren guztiaren jatorrian, IRABAZIk mozio bat aurkeztu baitzuen bide publikoan uzten diren txakur kaken arazoaren inguruan. Ezer baino lehen, adieraztekoa da ezin dela deklarazio instituzionalik atera aurretik oposizioari bidali eta aho batez onartzen ez bada. Horrenbestez, Bergarako gobernuak emandako ohar bat izan daiteke, baina ez deklarazio instituzional bat. Hori ez da prozedura.

Lehenik, esan behar dugu Irabazi Bergaran ez dugula udal-langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen, udal-gobernuak gure ordezkariaren izen ona galarazteko hori esan badu ere, baina teknikariek ematen dituzten txostenen inguruan gure desadostasuna agertzeko eskubidea dugu, txosten teknikoak lege interpretagarrietan oinarrituta daudelako, eta guk ere lege horiek kontsultatzen ditugu, baita lege horiek ezagutzen dituzten beste teknikari batzuk ere.

Legeak esaten du kale-garbiketa udalaren betebeharra dela eta txakur kakei dagokionez –betiere kontuan izanda txakur kaka horiek jasotzeko erantzukizuna txakur horien jabeena dela–, udalak zigortu egin behar ditu udal-arau hori betetzen ez duten jabeak. Herri osoaren arazo bihurtu denez, eta errudunak aurkitu eta zigortzea zaila denez, txakurren DNA errolda bat egitea proposatzen du Irabazik txakur kaka horiek zein txakurretatik datozen jakiteko.

Horri buruzko txosten tekniko batek esaten duenez, gai hori ez da udal-eskumenekoa, baina aztertzen ari garen gaiaren inguruko legeak ez du atal batean ere debekatzen udalak txakurren DNA errolda bat egitea. Aitzitik, udalak herriko txakurren errolda bat izan behar duela ezartzen du, eta txakur guztiek identifikatzeko moduko txip bat eraman behar dutela. Hori bakarrik.

Udal-gobernuak, txosten teknikoan oinarrituta, gaia ez dela udal-eskumenekoa dio eta ez duela horren inguruko neurririk hartuko, lehen katu-kolonien kontrolarekin egin zuen bezala. Serioa da horrela jardutea kontuan izanda udala dela herritarrek hurbilen duten administrazioa? Serioa da kaleak garbi daudela esatea herritarrak txakur kakekin nazkatuta daudenean? Herrian sortzen diren arazoak ez al dira udal-eskumenekoak?

Bergarako gobernuak ezer egiten ez duela ikusirik, Irabazik bere gain hartzen du gizabidearen aurkako ekintza horiek direla-eta herritarren defentsan duen erantzukizuna, eta legea alde zein aurka, bere esku dagoen guztia egingo du herri honetan bizikidetza errespeta dadin.