Poltsen eta itxitako edukiontzien araberako ordainketa-sistema bat ezartzearen aldeko apustua egiten du EQUO Berdeak taldeak, Gasteizko etxeko hondakinak biltzeko

  • Sistema berriaren ezarpenarekin, 2025. urterako hondakinen bereizketaren % 70etik gorako tasak lortu ahalko direla uste du alderdi berdeak.
  • Udaltzaingoaren barruan ingurumen-unitate bat sortzea eskatuko du horrek, dagozkion ikuskapenak egin ditzan eta araudia betetzen ari dela ziurtatzeko.
  • Bizikidetza-unitate estandarrak 120 euroko urteko batezbestekoa ordaindu beharko luke bereizten ez badu, eta bereizketa ondo eginez gero, 50 euroraino jaitsiko litzateke

 

 

EQUO Berdeak alderdi ekologistak bere proposamena aurkeztu du Gasteizen hondakinak biltzeko eredu berri bat ezartzeko. Alderdi berdeak planteatutako formulak edukiontziak ixtea eskatzen du, eta poltsen araberako ordainketa ezartzea hondakinen egungo tasaren ordez.

Aldaketa honen helburua da jatorriko hondakinen bereizketa gehitzea Europar Batasunak ezarritako helburuak betetzeko eta tasa bidezkoago bat ezartzea, “kutsatzen duenak, ordain dezala” printzipiopean. Sistema berri horren ezarpenarekin, 2025. urterako hondakinen bereizketaren % 70etik gorako tasak lortu ahalko liratekeela uste du alderdi berdeak.

Sistema hori martxan dago jada Europako hainbat hiritan –hala nola Zurichen–, eta emaitza aipagarriak lortu ditu: aplikatu zen lehenengo urteetan % 10etik gorako igoera izan zen hondakin birziklagarrien bilketa-tasan (1993ko % 21etik 1995eko % 34ra). 1992-2005 aldian, urteko 140.000 tonatik 100.000 tonaraino murriztu zituen Zurichek bere hondakinak.

POLTSAREN ARABERAKO ORDAINKETA

Poltsaren araberako ordainketa-sistemaren bidez zerbitzuaren erabiltzaile bakoitzak poltsa espezifiko bana erosi beharko du errefuserako, zati organikorako eta ontzietarako, poltsa bakoitzarengatik egungo hondakin-tasa ordeztuko duen prezio bat ordainduta. Horrela, poltsa organikoa eta ontzien poltsa baino garestiagoa izango da errefus-poltsa, eta horrek bereizketa sustatuko du etxeetan. Herritarren arretarako bulegoetan, gizarte-etxeetan eta hainbat saltokitan eskuratu ahalko dira poltsa horiek.

Kolore jakin batekin identifikatuko dira poltsak: grisa errefuserako, marroia zati organikorako eta horia ontzien zatirako. Edukiontzien erabiltzaileek edukiontzietan hondakinak uzteko soilik erabili ahalko dituzte poltsa horiek, eta erabat debekatuta egongo da beste poltsa batzuk erabiltzea edo poltsa horiek ez erabiltzea.

Sistema honen bidez sortutako hondakinen araberako tasa bat ezartzea lortzen da, erosten diren poltsen arabera ordaintzen baita (zuzenean lotutakoak sortutako hondakinen bolumenarekin), eta bereizketa sustatzen du, poltsen prezioa hondakinen hierarkiaren arabera doitzen baita (grisa garestiagoa, marroia eta horia merkeagoak).

Eskuratzeko unean, erosi duen bizikidetza-unitatearen kodea esleitzen zaie poltsa horiei saltokian edo udal-zentroan (edukiontziak erabiltzeko erabiliko den txartel beraren bidez). Horrela, uneoro jakingo da norenak diren sortutako hondakin horiek.

TARIFAK

Gaur egun, hondakinak bildu eta kudeatzeko sistemak 19 milioi euroko gastua eragiten dio Udalari. Horietatik 8,5 milioi baino gehiago bilketari dagozkio, edukiontzi bidezko bilketari zien bilketa pneumatikoari.

Gastu hori estaltzeko, EQUO Berdeak alderdiak honako hau proposatzen du:

  • Poltsa grisa (errefusa): 17 litroko poltsa (0.65€ unitateko); 65 litroko poltsa (2.50€ unitateko).
  • Poltsa horia (ontziak): 35 litroko poltsa (0.35€ unitateko); 100 litroko poltsa (euro 1 unitateko).
  • Poltsa marroia (organikoa): 17 litroko poltsa (0.35€ unitateko); 65 litroko poltsa (euro 1 unitateko).

 

Hala, bizikidetza-unitate estandar batek, hondakinak bereizten ez baditu, 120 euro ordaindu beharko lituzke urtean, batez beste, errefuserako 48 poltsa handi erosteagatik. Hondakinak ongi bereiziz gero, ordea, 50 euroko tasa ordaindu beharko luke bakarrik.

Tarifa horiekin udalaren diru-sarrerak handituko lirateke, behar bezalako bereizketa bultzatzeaz gainera, Ecoembes-i lehengaiak saltzearen ondoriozko diru-sarrerak ere areagotuko liratekeelako.

EDUKIONTZIAK IXTEA

Sistema horrek arrakasta izan dezan, errefusaren, zati organikoaren eta ontzi zatien edukiontziek itxita egon beharko dute, eta bizikidetza-unitate bakoitza identifikatzeko moduko txartelaren bitartez ireki ahal izango dira bakarrik. Ildo horretan, errefusaren edukiontzia egunero irekitzeko aukerarik ez izatea proposatzen dugu, hondakinak bereizteko joera bultzatuko lukeen neurrian. Bestetik, bilketa pneumatikoko buzoiak ere itxi beharko dira, edukiontzietarako erabilitako sistema bera erabiliz.

BEIRA ETA PAPERA

Beira eta paper zatietarako, gaur egun erabiltzen den sistemari eutsiko litzaioke, edukiontzi irekiak erabiliz. Sistema hori finantzatzeko, gainerako hondakin zatiak botatzeko erabilitako poltsa kopuruaren araberako tasa erabiliko da. Beirak ez du inolako eraginik ekonomian, Ecovidrio-rekin lortutako akordioak ezartzen duelako kudeaketaren ardura osoa erakunde horrena dela. Papera, berriz, oraindik diru-iturria da Udalarentzat, lehengaia baita.

Gordailu-, itzulketa- eta berrerabilera-sistema bat inplementatzea erabilera bakarreko ontzietarako

EQUOk defendatzen du ontziak eta beira itzultzeko sistemak inplementatzea, Europako hainbat herrialdetan egiten ari diren bezala. Erabilera bakarreko ontzi itzulgarri bakoitzeko, erabiltzaileak 0,25 euroko gordailua ordainduko luke, eta ontzia bueltan ekartzean itzuliko litzaioke. Horretarako, horrelako ontziak saltzen dituzten denda eta supermerkatuek makinak ezartzeko aukera izango dute, garagardo, ur eta freskagarrien eta beste hainbaten ontzi hutsak itzuli ahal izateko. Gainerako ontzi eta bilgarriak edukiontzi horira edo berdera botako dira, orain arte bezala.

LANDAGUNEETAKO LANDARE-HONDAKINAK

Udalerriko landaguneko landare-hondakinak aprobetxatzeko, EQUOk laguntza-ildo bat sortzea proposatzen du, autokonpostontziak eta Administrazio Batzordeetan konpostontzi komunitarioak ezartzeko. Horrela zikloa itxiko litzateke, eta produktu eta prozesu horien ekonomia zirkularra ahalbidetuko litzateke.

INFORMAZIO ETA KONTZIENTZIAZIO KANPAINA

Proposamen hori arrakastaz inplementatzeko, informazio- eta kontzientziazio-kanpaina sendo bat eraman behar da aurrera, herritar guztiei aldaketak modu erraz eta praktiko batean azaltzeko. Ikastetxeen sarea, gizarte-etxeen sarea, adinekoen zentro soziokulturalen sarea eta auzo-elkarteak helburu horretarako erabiltzea proposatzen dugu.

INGURUMEN-POLIZIA

Gainera, sistema horrek eskatzen du Udaltzaingoan ingurumen-unitate bat sortzea, dagozkion ikuskapenak egin ditzan eta araudia betetzen ari dela ziurta dezan. Horrela amaituko lirateke gaur egun bilketa-buzoietatik kanpo utzitako poltsekin izaten diren arazoak.