- Elkarrekin Podemos legebiltzar-taldearen bitartez José Ramón Becerra jaunak galdetu du osasun-agintariek zer ezagutza-maila daukaten ekainaren 3an eta 4an gertatutako araztu gabeko ur zikinen isurketari buruz eta herritarren segurtasuna bermatzeko ezarritako kontrol- eta jarraipen-neurriei buruz
- Ur fekalek saneamendu-sareetatik gainezka ez egiteko euri-urak eta ur zikinak bereizteko sareak eraikitzeko azken bost urte hauetan egindako inbertsioei buruz galdetu dugu Gobernuari egindako informazio-eskaeran
Elkarrekin Podemos taldeak hainbat galdera egin ditu Bizkaiko zazpi hondartzatan bakterio fekalengatik zabaldu den kutsadurari eta bainularien osasunerako izan dezakeen arriskuari buruzko gai batzuk argitzeko. Aipatutako gertaerak ekainaren 3an jazo ziren. Egun horietan izandako euri-jasa handien ondorioz, Galindoko ur zikinen araztegirako sarrera-emariak uren tratamendu-ahalmena gainditu zuen. Horregatik, araztu gabeko ur zikinen kopuru zehaztugabe bat Nerbioi itsasadarrera bideratu behar izan zen eta ur horiek eragin zuten zazpi hondartzetan (Areeta, Ereaga, Armintza, Plentzia, Gorliz, Bakio eta Laida) hautemandako kutsadura.
Gobernuari egindako informazio-eskaeran galdetu dugu osasun-agintariek zer ezagutza-maila zeukaten ekaineko lehenengo egun horietan izandako araztu gabeko ur zikinen isurketari buruz eta karga bakteriano kutsagarri horrekin harremanetan egon daitekeen biztanleriaren osasuna bermatzeko ezarri diren kontrol- eta jarraipen-neurriei buruz. “Kezka handi samarra eragin digu jakiteak kutsadura izanda ere sorosleek baimena eman zutela hainbat ikasle eremu horretan bainatzeko. Argitu egin behar da nork hartu duen erabaki hori eta erantzukizunak eskatu behar dira”, adierazi du José Ramón Becerra legebiltzarkideak.
Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkide eta EQUO Berdeak taldeko kide denak egindako galderen artean itsasadarrera isuritako araztu gabeko ur zikinen kopurua zein izan den eskatu du. Ur fekalek saneamendu-sareetatik gainezka ez egiteko euri-urak eta ur zikinak bereizteko sareak eraikitzeko azken bost urte hauetan egindako inbertsio kopuruari buruzko informazioa ere eskatu du Becerrak. “Kasu honetan egiazta daitekeenez, saneamendu-sarearen egoera onak ingurumen-eremuari ez ezik, pertsonen osasunari ere eragiten dio”, nabarmendu du.