Irabazi Donostia (Ezker Anitza-IU, EQUO Berdeak eta independenteek osatutako plataforma), udal-taldeko zinegotzi Loïc Alejandrok koherentzia gehiago, ekintza gehiago eta promes gutxiago eskatu dio udal-gobernuari klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko. Estrategia Klima DSS 2050 jendaurrean aurkeztu ondoren egin ditu adierazpen horiek Alejandrok. Estrategia horrek epe luzerako ekintzak egitea proposatzen du klima-aldaketaren aurka borroka egiteko eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko. “Dokumentu baliagarria eta beharrezkoa da, baina orain, ekintza zehatzak, asmo handikoak eta sendoak behar ditugu dokumentuak eta promesak baino gehiago” esan du zinegotziak.
Era berean, zinegotziak gogorarazi du lehendik ere badaudela aurrekontuan sartutako ekintza zehatzak eta planifikatuak dituzten plan batzuk, baina ez direla egikaritu. “Planak, estrategiak eta promesak metatzen ari gara milorri bat bezala, baina ekintzak ez dira gauzatzen edo kontrako norabidean doaz”. Alejandrok inkongruentzien deriba horren adibide gisa honako hau jarri du: energia-hornidurak energia berriztagarriko kooperatiben bitartez kontratatzeko eskaera egin zuen Irabazi Donostia udal-taldeak, baina Gobernuko EAJ-PSE taldeak uko egin zion. “Alde izugarria dago hitzen eta ekintzen artean”, kexatu da zinegotzi berdea, etengabeko inkoherentziak daudela baieztatzen baitu. “Estrategia Klima DSS 2050 aurkezteko ekitaldian bertan zuhaitz bat landatu da hiriak jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin duen konpromisoaren ikur gisa, baina ez da onartu Lourdes Txikiko mendi-hegala bertako zuhaitzekin eta espezie inbaditzailerik gabe eraberritzea” azpimarratu du.
Klima-aldaketaren alorreko udalaren Estrategia berriaren zutabeetako bat den ekonomia zirkularrari dagokionez, zinegotzia kexatu egin da EAJ-PSEren Gobernuarekin hirian okerrera egin duelako hondakinak bereizteko tasak eta tematuta daudelako erraustegia eraikitzeko kontraesan handiarekin. Alejandrok azpimarratu du hondakinen errausketak CO2 sortzeko gune garrantzitsu bat sortuko duela hirian, eta, gainera, hondakinak tratatzeko azken baliabidea izan behar duela. “Azpiegitura horretara bideratuko dira baliabide gehienak Gipuzkoan. Diru gehiago gastatzen da eta gastatuko da erraustegi horretan hondakinak prebenitzen eta bereizten baino. Tamalgarria da”.