Elkarrekin Podemosek ongi ikusi du informazio-espedientea ireki izana Osakidetzaren Enplegu Eskaintza Publikoan ageri diren irregulartasunak aztertzeko, eta 4 espezialitateri dagozkien probak gelditu izana ere ondo iruditzen zaio gure alderdiari, baina neurri hori susmopean dauden 7 espezialitate gehiagora zabaldu beharko litzatekeela uste dugu.
Macazagak argitu duenez, sindikatu eta profesionalek egindako salaketetan ez da zalantzan jarri epaimahaietako kide eta profesionalen jarduna, haiek izan direlako, hain zuzen, salaketa horiek egin dituztenak.
“Epaimahaiko kideak eta oposiziogileak errespetatu behar dira, baina hainbat eta hainbat mediku espezialista eraginpean hartzen dituzten proba susmagarriak ikertu eta bertan behera utzi behar dira”, erreklamatu du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak.
Gainera, Elkarrekin Podemoseko kideok uste dugu irregulartasun horiek euskal sistema publiko osoan nabari direla, eta Osakidetzak krisi hori aprobetxatu behar duela bere barne- egoera berrikusteko, demokrazia, gardentasuna eta parte-hartzea handitzeko helburuarekin.
“Antza denez, erabakiak partekatzeko kultura demokratikoa ez da oraindik ospitale eta osasun-zentroetako gune jakin batzuetara iritsi”, salatu du Macazagak, eta, jarraian erantsi duenez, “etikak izan behar du Osakidetzako langile guztien lanaren ikurra”.
“Oposiziogile batzuk dopatuta azaldu dira probetara. Hori oso larria da, eta prozesu osoa jartzen du kolokan, Euskadin oso zabalduta dagoen jardunbide bat berrestera datorren heinean: intentsitate txikiko ustelkeria eta lagunen entxufismoa”, adierazi du Macazagak.
Azkenik, Elkarrekin Podemosek proposatu du abian den ikerketa muturreraino eramatea eta erantzukizunak argitzea, aukera-berdintasuna bermatzeko eta kalitateko osasun publikoaren alde egiteko ahalik eta profesionalik onenen eskutik, jardunbide horiek inoiz gehiago gerta ez daitezen.