- Elkarrekin Podemosek aldarrikatu du erreforma horren helburua kontrola dela, eta alde batean uzten duela euskal herritarren babesa, nahitaezko hatz-marka digitala eta gehiegizko zigorrak ezarrita.
- “Proposamen horrek frogatzen du EAJk eta PSEk ez dutela ezagutzen gobernatzen ari diren lurraldeko errealitatea. Erreforma itsua eta eskasa aurkeztu dute; ez du bermatzen herritarren ongizatea eta ez du ezabatzen pobrezia” adierazi du Tinixara Guanche legebiltzarkideak.
Elkarrekin Podemosek engainutzat jo du EAJk eta PSEk aurkeztutako lege-proposamena, Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen erreformaren ingurukoa, Eusko Jaurlaritzako prentsaurreko batean. Bertan parte hartu du Erika Martínez bozeramailekideak, EQUO Berdeak taldearen ordezkari gisa.
“Erreforma horrek aukera zuen gizarteratzeko formula berriak eta jardunbide egokiak sustatzeko, Euskadin pobrezia desagerraziko zutenak, baina prekarietate-gurpil batean gelditu da”, adierazi du taldeko Tinixara Guanche parlamentariak.
Elkarrekin Podemosek azaldu du proposamen horrek emakumeak abandonatzen eta ikusezin bihurtzen dituela, eta ezikusiarena egiten duela genero-indarkeriarekin eta emakume eta beren seme-alaba biktimak babesteko neurri espezifikoekin. Horrek orain arteko atzerapauso handiena dakar azken 15 urteko lege-aurrerapenetan eta politika publikoetan.
Gainera, haurrei dagokienez, Guanchek aldarrikatu du “ez dutela pentsatu DSBE bat etetean familia bateko haurrak ere jan gabe geratzen direla”.
Pentsioei dagokienez, Elkarrekin Podemosek salatu du neurriak engainagarriak direla, ez direla ulerterrazak, eta hutsean gera daitezkeela. Pentsionisten osagarriak kalkulatzeko formulak konplexuak dira, eta horrenbeste elementuk baldintzatzen dituzte, ezen inork ez baitu argi izango zer dagokion.
Horrez gain, azaldu du DSBE jasotzen dutenek ezingo dutela Euskaditik irten urtean 90 egunez baino gehiagoz, eta Lanbideko ikastaroak egin beharko dituztela errenta jasotzen jarraitu nahi badute. “Nola azaldu dakieke bizi osoan lanean egon diren pertsonei orain inklusio-hitzarmen bat sinatu behar dutela?”.
Azkenik, Elkarrekin Podemosek azpimarratu du DSBEren erreforma aukera ezin hobea dela adostasun zabalak lortzeko, bere proposamenean aurkeztu zuen moduan. Dena den, kritikatu egin du gobernuko alderdien proposamena, Euskadin bizi direnen eskubideak ezegonkortzeko eta edukiz husteko helburua baitu.