Maiatzaren 19ari begira, homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela gogora ekarriz
EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideen aldeko Lege Espezifiko bat egin dezala
- Beste autonomia-erkidego batzuetan ez bezala —Nafarroa, Madril, Katalunia edo Balear Uharteak, besteak beste— Euskadin ez dago arau bat ere indarrean alor horretan.
- Alderdi ekologistaren ustez, beharrezkoa da Berdindu —Eusko Jaurlaritzaren sexu- eta genero-aniztasunari buruz informazioa eta arreta emateko zerbitzua— indartzea.
Bihar, maiatzaren 17an, homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideen aldeko Lege Espezifiko bat egin dezala.
Beste autonomia-erkidego batzuetan ez bezala —Nafarroa, Madril, Katalunia edo Balear Uharteak, besteak beste— Euskadin ez dago arau bat ere indarrean alor horretan. Arau-esparru propiorik ezaren eta horrek berekin dakarren hutsune legalaren ondorioz, pertsona horien aurkako gorroto-adierazpenak indarrean daude oraindik ere. Eta eraso horiek desagerrarazten laguntzeko, beharrezkoa da lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideak bermatuko dituen Lege-proiektu bat lehenbailehen aurkeztea.
Alderdi ekologistaren ustez, beharrezkoa da Berdindu —Eusko Jaurlaritzaren sexu- eta genero-aniztasunari buruz informazioa eta arreta emateko zerbitzua— indartzea. Zerbitzua azpikontratatuta dago une honetan. Gipuzkoan Gehituk kudeatzen du, eta Bizkaian eta Araban, berriz, Aldartek.
EQUO Berdeak alderdiak bat egiten du EQUO LGTBI SAREAK maiatzaren 17aren harira egin duen MANIFESTUAREKIN:
Gaur, maiatzaren 17a, Homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna izaki, EQUOtik eta EQUO LGTBI Saretik zera adierazi nahi dugu, sexu-orientazioagatik eta genero-nortasunagatik izandako eraso oro erabat gaitzesten eta kondenatzen dugula, eta gorrotorik gabeko gizarte bat lortzeko lanean jarraitu beharra daukagula.
Azken urteotan aurrerapauso handiak egin dira LGTBIfobiaren aurkako borrokan, baina oraindik ere bide luzea dugu egiteke errespetuzko gizarte batera iritsi arte. Horretarako, funtsezkoa da LGTBI Berdintasun Legea esaten zaiona lehenbailehen onestea, hau da, Sexu-orientazioagatiko, genero-nortasunagatiko, genero-adierazpenagatiko eta sexu-ezaugarriekiko diskriminazioaren aurkako eta lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen berdintasun sozialaren aldeko Legea onestea.
LGTBIfobia oso presente dago oraindik ere gure gizartean. Horixe berresten da hainbat Behatokitan bildu diren datuak ikusita. Esate baterako, LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako 321 eraso izan ziren iaz Madrilgo Erkidegoan, betiere “LGTBfobia Madrilgo Autonomia Erkidegoan 2017 txostenaren” arabera. Katalunian, LGTBI kolektiboarenganako fobia-kasuak % 32,2 handitu dira 2017. urtean aurreko urtearekin alderatuta; guztira 111 eraso erregistratu zituen Homofobiaren aurkako Behatokiak (OCH).
Dena den, ezin dugu ahaztu LGTBI pertsonen ikusgaitasuna gero eta handiagoa den heinean, sexu-orientazioagatiko eta genero-nortasunagatiko gorroto-delituak gero eta gehiago ugarituko direla. Horregatik, gorrotoari errotik egin behar zaio aurre, heziketaren bidez, eta mezu homofobo, lesbofobo, transfobo edo bifobo oro desagerrarazi egin behar da.
Zigorgabetasunak amaitu egin behar du eta, hori dela eta, eremu publikoan edo pribatuan LGTBI pertsonenganako gorrotoa sustatzen duten pertsona edo elkarteei erakunde publikoetatik inolako babesik ez ematea eskatzen dugu.
Herritar guztiak animatzen ditugu egun berezi hau dela eta antolatu diren mobilizazioekin bat egitera; izan ere, gaur 18 urte betetzen baitira Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Orokorrak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela 1990eko maiatzaren 17an. Gainera, gogoratu behar dugu transexualitatea nahasmendutzat jotzen dela oraindik ere, eta erabat despatologizatu dadin eskatzen dugu.
Gure gizartea ez delako libre izango gure kaleetatik gorrotoa desagertzen ez den bitartean.
Erasorik ez erantzunik gabe.