Gaur, Kanboko Nazioarteko Konferentzian ETAren behin-betiko amaiera ziurtatzen da, ospatzeko arrazoirik gabe eta autokritikarik gabe eta berandu iritsi den erabaki horregatik talde terroristari ezer eskertzeko arrazoirik gabe. Erabaki hori askoz ere lehenago hartu behar zen, euskal gizarteak hainbat eta hainbat aldiz eskatu izan duen bezala.
Zoritxarrez horrela izan ez bada ere, ETAren desagerpenak berekin ekarri behar zuen inolako justifikaziorik gabe eragindako sufrimenduaren errekonozimendua, eta ez luke biktimen arteko bereizketa onartezin hori egin behar.
Hala eta guztiz ere, gaur egun historiko bat da, bihar izango baita ETA gabeko lehen eguna, 60 urteko indarkeriaren ondoren. Datozen belaunaldiek ez dute erakunde terrorista horren basakeria jasan behar izango. Belaunaldi horiei, gizarteari orokorrean eta bereziki biktimei, gertatutakoari buruzko egiazko kontakizun bat zor zaie.
Horregatik, bihar, ETArik gabeko lehen egunean, bakearen eta adiskidetzearen aldeko lana eta egindako bidea berreskuratu behar dira: biktimekiko errekonozimendua, erreparazioa eta justizia. Gertatutakoari buruzko kronika argitzaile bat azaltzeko eta adosteko bidean aurrera eginez, eta hori guztia indarkeria deslegitimatzean oinarrituta, ideia politiko bakar batek ere ez baitu odola isurtzea justifikatzen, sekula. Ideia politikoak, beti, giza eskubideak errespetatuz defendatu behar dira.
Jarduketa-ildo horixe da espetxe-politikak eta presoen hurbilketa-prozesuak jarraitu behar dutena. Ez dago mendekuzko espetxe-politika baterako lekurik.
Gaurkoak esker oneko eguna izan behar du hainbat pertsona anonimo eta kolektiborentzat. Unerik gogorrenetan irmoki ahalegindu baitziren giza eskubideen defentsaren apustu argi eta apurtezinean, bai eta itxaropena bizirik iraunarazi zutelako. Euskal gizarteak pozik eta harro egon behar du halako giza kalitateko pertsona eta kolektiboak dauzkagulako.