Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta hobetzeko Elkarrekin Podemosen proposamena

  • Elkarrekin Podemosek proposatzen du DSBEa handitzea eta haren estaldura zabaltzea, prestazioa jasotzen ez duten 59.000 pertsona pobreengana iristeko.
  • Zenbatekoa berriro kalkulatzea planteatzen du, lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera, eta prestazioa enplegu bilaketatik bereiztea.

Elkarrekin Podemosek proposatu du Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) kopurua handitzea eta eskuratzeko baldintzak aldatzea, gaur egun prestazioa oraindik jasotzen ez duten 59.000 pertsona pobreengana iristeko.

Elkarrekin Podemosen proposamenak –Tinixara Guanche legebiltzarkideak Gasteizen eginiko prentsaurrekoan aurkeztu duena, EQUO Berdeak-eko Ramón Sánchez kobozeramailearekin batera– DBSEa enplegu bilaketatik bereiztea ere planteatzen du, gaur egun prestazioa jasotzeko baldintzetako bat dena.

DSBEa prestazio sozial bat da, gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan dauden eta baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonentzat. Gaur egun, 60.000 lagunek gutxi gorabehera jasotzen dute laguntza hau Euskadin: 640 eta 910 euro artean, familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera.

Elkarrekin Podemosek proposatzen du Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren arabera kalkulatzea berriro DSBEa, Eusko Jaurlaritzak iaz arte egin ohi zuen bezala, eta kalkulu horretan portzentaje handiagoak erabiltzea, laguntzaren zenbatekoa areagotuko lukeena. Nolanahi ere, indar politiko honek oraindik ez du zehaztu zer suposatuko lukeen gehikuntzak alderdi ekonomikotik begiratuta.

Elkarrekin Podemosek adierazi du “bereziki kezkatuta” dagoela kolektibo batzuen egoeragatik: hala nola adingabeak dituzten familiak, egoera “prekarioan” dauden langileak edo pentsiodunak. Pertsona “kalteberei” DSBEa eskuratzeko modua errazteko neurrien artean, proposatzen da 18 urtera jaistea laguntza jasotzeko gutxieneko adina eta hiru urtetik urtebetera murriztea Euskadin erroldatuta egoteko epea.

Gainera, proposatzen da ere prestazio honetarako eskubidea bizikidetzako unitateen baitan “indibidualizatzea”, eta DSBEa jasotzeko pertsona batek izan dezakeen gehieneko ondarea igotzea, 30.000 eurotik 33.264 eurora pertsona bakarreko bizikidetzako unitateetan.

Bestetik, Elkarrekin Podemosek planteatzen du bortizkeria matxistaren biktimei eragiten dieten prozeduren epeak “malgutzea”, espedienteak ebazteko bi hilabeteko gehieneko epea finkatzea eta onuradunei eskatzen zaien dokumentazioa murriztea. Proposamenak eskatzen du, halaber, prestazioa jasotzen duten pertsonen datu pertsonalen erabilera “eskrupulosoa” bermatzea.