• Bergarako Gobernuak baliabideen aprobetxamenduari buruzko ikastaro bat antolatu du UNEDekin batera, hain justu, orain, legealdiaren amaieran, baina Irabazi koalizioak behin eta berriro eskatu izan du, alferrik eskatu ere, horrelako jardunbideak progresiboki ezartzea.
Irabazi Bergara alderdiaren ustez –IU-Ezker Anitza, EQUO Berdeak eta independenteak biltzen ditu–, Udaleko Gobernu-taldeak ekonomia zirkularrarekiko agertu duen interesak zerikusi handia du hauteskundeekin; gai hori, ordea, biziki garrantzitsua da klima-aldaketari aurre egiteko eta ekonomia jasangarri bat, ingurumena errespetatuko duen ekonomia bat lortzeko bidean aurrera egiteko.
Irabazi koalizioak behin baino gehiagotan eskatu izan du, alferrik eskatu ere, horrelako jardunbideak bultzatzeko pizgarriak arian-arian ezartzea. Bergarako Gobernu-taldearen erantzuna ezezkoa izan da beti Irabazik arlo horretan aurkeztu dituen proposamenen aurrean. “Legealdi erdia baino gehiago daramagu hondakinen mahaia eratu gabe. Ordenantza fiskaletan hobariak proposatu ditugu hiru urtez plastikozko poltsen ordez paperezko poltsak erabiltzen dituzten dendentzat, eta ukatu egin digute. Hobari handiagoak eskatu ditugu konpost komunitarioa egiten duten herritarrentzat, eta ukatu egin digute; baita soltean saltzen duten denden kasuan ere, edo produktuak saltzean ontziak itzultzeko sistema erabiltzen duten denden kasuan. Epeleko zabortegira bisitaldiak egitea eskatu izan dugu, eta atzeratu egin dizkigute hainbatetan. Izugarrizko kontraesana da Gobernuak baliabideak ondo baliatzea sustatzeko proposamen horiek behin eta berriz atzera botatzea eta, orain, ekonomia zirkularreko ikastaro bat antolatzea”, kexu da Aiert Lizarralde Irabaziko zinegotzia eta EQUO Berdeak-eko kidea.
Koalizioaren ustez, erabaki horrek agerian uzten du hauteskundeetara begira antolatu dutela ekonomia zirkularrari buruzko ekimen hori, eta ez kontsumoko produktuak murriztu, birziklatu eta berrerabiltzeko premiari buruzko sentsibilizazioa lortu eta informazioa emateko asmoz. “Guk badakigu UNEDek urteak daramatzala ekonomia zirkularrari buruzko ikastaro bat egin nahian. Denbora horretan guztian Udaleko Gobernuak ez du inolako interesik agertu ekimen horrekiko. Orain ekimena bultzatzeko prest dago, baina puntu bat bereganatu nahi duelako soilik, ez beste arrazoiren batengatik. Marketineko estrategia peto-petoa da”
Alderdiak esker ona adierazi nahi dio UNEDi ikastaroa garatu izanagatik. Baina Unibertsitateari eskatu nahi diogu planteamendua aldatu dezala; izan ere, jende guztiari zuzenduta dago, baina “bereziki lanbide-proiektua ingurunea eta planeta errespetatuko dituen paradigma berriaren parametroen barruan eratu nahi duten ekintzaileei”, oinarrietan irakur daitekeenez. “Ikastaroa enplegu pribatuaren ikuspegitik soilik begiratuta planteatu da, baina arazoa publikoa da. Gobernu-taldea tartean sartu eta UNEDi planteamendua aldatzea iradoki beharko lioke”, zehaztu du Lizarraldek.