- Ekimenak proposatzen du zerga eta tasetan hobariak ematea familia gurasobakar amadunei eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei.
- Oscar Fernándezek adierazi du beharrezkoa dela esparru guztietan aurrerantz egitea berdintasunezko gizartea lortzeko.
Oscar Fernández EQUO Berdeak-ek IRABAZI-GANAR koalizioan duen zinegotziak fiskalitate feminista batean aurrerantz egiteko mozio bat defendatu du Gasteizko Osoko Bilkuran. Proposamenak, azkenik onartu egin denak, familia gurasobakar amadunei eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei zerga eta tasetan hobariak emateko aukeraren azterketa biltzen du.
Eustatek egindako azken azterlanen arabera, Araban guraso bakarreko 11.000 familia daude, batez beste 2,3 seme-alaba dituztenak. Familia horietako gehienak Gasteizen bizi dira eta zailtasunak dituzte hilabete-amaierara iristeko. Guraso bakarreko familiek eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek, bereziki, gizarte-ahulezia handia jasaten dute, eta horren adierazgarri da bi kolektibo horiei bideratutako gizarte-baliabideak azken urteetan nabarmen handitu izana.
Pobreziak emakume-aurpegia du, eta horregatik, IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) koalizioaren ustez erakunde publikoen betebeharra da emakumeen ahalordetzea eta autonomia sustatzea. Lan hori ez dute soilik gizarte-zerbitzuek egin behar, zeharkakoa eta intersekzionala izan behar du, eta politika fiskalean ere eragina izan behar du.
Une honetan, Hondakinen Tasan bakarrik daude hobariak guraso bakarreko familientzat. Mozio honen helburua hobari horiek gainerako zerga eta tasetara hedatzera da, baita indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako hobariak txertatzea ere.
Hurbil dauden hainbat udal, adibidez Donostiako eta Iruñekoa, dagoeneko hasi dira ildo horretan lan egiten, beren ordenantza fiskaletan hobariak txertatuz. Gasteizen, IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) koalizioak ordenantza fiskalei buruzko azken debatean proposatu zuen hobari mota hori txertatzea, familia ugariekin parekatuz.