Legebiltzarrera eraman da Bergarako Angiozar auzoko bizilagunekiko zor ekologikoa, AHTaren obrek auzoa eraginpean hartu izanaren ondoriozkoa

 

  • “Orain du unea Eusko Jaurlaritzak haranarekin konprometitu eta haranak Sustapen Ministerioari egiten dizkion eskaerak babesteko”, Elkarrekin Podemos koalizioko EQUO Berdeak taldeko legebiltzarkide Jose Ramon Becerrak eskatu duenez

 

EQUO Berdeak taldeak konpentsazioak eskatzen dizkio Eusko Jaurlaritzari Bergarako Angiozar auzoko bizilagunentzat, Abiadura Handiko Trenaren obrek auzoa eraginpean hartu izanaren ondorioz. Bergarako Korapiloa deitutako euskal Y-aren gune neuralgikoa –zeinean Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituzten adarrak uztartuko diren– egin eta ondoren martxan jartzeak zor ekologikoa eragiten du haran horretako bizilagunekin, haranari eragiten dion afektazio handiaren ondorioz.

Urtarrilean, Angiozar auzoko bizilagunek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari helarazi zizkioten zenbait eskari abiadura handiko trenaren obren ingurumen- eta gizarte-arloko inpaktua arintzeko. Eraginpeko kolektiboak proposatzen du trenbidearen bidegurutze hori aprobetxatzea inguruko hainbat gune birmoldatzeko eta, horrela, inguruko komunikazioak hobetzeko. Eraikuntza-proiektuari egindako ekarpenek biltzen dutenez, behin obra bukatutakoan, sortutako zerbitzu-bideak bidegorri edo bide berde natural bihurtuko dira, aisialdirako gune publikoak egingo dira, Angiozar-Bergara errepidea birmoldatuko da eta tunelaren irteeran dagoen errota berreskuratuko da, haren presarekin eta kanalekin batera, errotaren beraren balio kulturala gorde eta ondoren dagokion erabilera turistikoa sustatzeko.

Ostiral honetan, martxoaren 23an, egindako Kontroleko Osoko Bilkuran, Elkarrekin Podemos koalizio barruko EQUO Berdeak taldeko legebiltzarkide Jose Ramon Becerrak –zeina Angiozarreko kolektiboarekin bildu baitzen– Arantxa Tapia sailburua interpelatu du gai horren inguruan. Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako haran horretako bizilagunen eskariak ADIFen eta Sustapen Ministerioan defendatuko ote dituen galdetu du. “Angiozarreko haranak bi zabortegi, goi-tentsioko bi linea, gasbide bat, autobia bat eta abiadura handiko tren bat biltzen ditu. Hiriek gozatzen duten ongizatearen prezioa ordaintzen du landa-munduak. Orain du unea Eusko Jaurlaritzak haranarekin konprometitu eta haranaren eskaerak Sustapen Ministerioan babesteko, Euskadik eta Gipuzkoak auzoko bizilagunekin egin duten gizarte- eta ingurumen-arloko zorra kitatzeko.”